“Saskibaloiak eta areto-futbolak badituzte antzekotasun batzuk”

Joseba Derteano 2018ko urt. 20a, 12:15

Neska gazteek saskibaloirako edo futbolerako joera dute, eta gaitza da areto-futbolera erakartzea. Sasikoari zein beste talde denei gertatzen zaie. Harrobiko taldeak sortzea amets bat da gaur egun. Horregatik, areto-futbola probatzeko ilusioa erakusten duten denak besoak zabalik hartzen dituzte, Ingrid Herreros (Zaldibar, 1994) hartu duten moduan. 12 urtez saskibaloian aritu ostean, areto-futbola probatzea erabaki du.

Julza-Zalduan zortzi urte eta Zornotza Saskibaloi taldean beste bi eman zituen. Belauneko lesio batek eta entrenamenduetako ordutegi berantiarrek saskibaloia uztera eraman zuten. “Betidanik gustatu izan zait futbola”, aitortu du. Horregatik, Sasikoako jokalari batek areto-futbola probatzera tentatu zuenean animatu egin zen. Hilabete eskas darama taldean. Gabon bueltan batu zen taldera, eta bost bat entrenamendu egin ditu. Hala ere, asteburuan Zornotzako Beti Gol taldearen kontra jokatuko duten derbian (zapatuan, 18:30ean, Landako kiroldegian) estreinatzea itxaroten du. “Gogotsu nago, ilusio ikaragarria egiten dit”, dio.

Desberdinak eta antzekoak
Saskibaloia eta areto-futbola. Herrerosek aldeak eta antzekotasunak ikusten ditu kirol bien artean. “Alderik handiena eskuekin barik hankekin jokatzen dela da. Ez da alde txikia. Baina badaude antzekotasun batzuk ere: baloia pasatu eta segituan espazio berri batera joateko mugimendua, esaterako. Saskibaloian ere nahiko antzerakoa da”, adierazi du.

Belauneko lesiotik errekuperatuta dagoela dio. “Tendinitisa zela esan zidaten. Fisioterapeutekin eta traumatologoekin ibili naiz, eta denbora askoan atseden hartu dut”.

Sasikoa eraberritze prozesuan sartuta dago, apurka-apurka ari bada ere. Horregatik, “pazientzia izan behar dugu”, dio Gaizka Iragorri taldeko entrenatzaileak. Herreros jokalariaz gainera, urte bian kadete adineko jokalari berri bi batu dituzte Ezkurdi futbol taldetik. Landako eskolan areto-futbola ikastetxeko eskola kirolean txertatzen ere saiatu dira, baina, momentuz, ideia ez da gauzatu. Berriro saiatzeko asmoa dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!