Txakurren ordenantza gogortu dute hiru txakur sei urteko ume bati eraso egiteko zorian egon eta gero

Jone Guenetxea 2017ko abe. 26a, 15:50

Olazar parkean gertatu zen eraso saiakera uztailean. Umearen gurasoek kexa aurkeztu zuten Zaldibarko Udalean. Gaur eguerdian udabaltzak egindako osoko bilkuran onartu dute txakurren ordenantzaren moldaketa. Era berean, 2018ko aurrekontuak onartu dituzte. 

Txakurren ordenantza gogortzeko aldaketak egin ditu araudian Zaldibarko Udalak. Olazar parkean gertatutako eraso saiakerak udalean neurriak hartzea eragin du. Arantza Baigorri alkateak azaldu duenez, Olazar parkean txakurrak ibiltzea baimendu zuten. Orain, kontrako erabakia hartu dute. Hau da, auzolanean atondu zuten parkera txakurrak eramatea debekatu egin dute. Alkateak azaldu duenez, parke honetara joateari utzi diote herritar batzuk, txakurrak solte ibiltzen direlako. Gertaera larri baten berri ere eman du. Uztailean, Olazar parkean hiru txakur sei urteko ume bati eraso egiten saiatu ziren. Zorionez, saiakera hutsean gelditu zen. Hala ere, udalak neurriak hartzeko arrazoiak daudela azaldu du. 

Beraz, jabeek txakur guztiak herri osoan lotuta eraman beharko dituzte eta arriskutsu moduan katalogatuta daudenak mozalagaz. Gainera, udalean urtero berriztu behar izaten den aseguruaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. 

Aurrekontuak 2018rako

Bestalde, gaurko osoko bilkuran 2018rako aurrekontuak onartu dituzte EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren absentzioagaz. Oposizioko alderdiek azaldu dutenez, abstenitzea erabaki dute aurkeztu dituzten proposamenetatik EH Bilduk "gutxi batzuk" barneratu dituztelako 2018rako diru-kontuetan. 

2.981.486 euroko aurrekontuekin hainbat inbertsio egingo dituzte. Eneritz Azpitarte EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, "herri bizia bat eraikitzea" izan da proposamen honen helburua. Kultura eta berdintasun arloan diru-atalak handitu egin dituzte. Besteak beste, 100.000 euro bideratu dituzte Bizitegitarako lehen sektorea urbanizatzeko. Prozesu parte-hartzailean inbertsioak erabakitzeko berriz, 30.000 euro gorde dituzte.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!