“Oierrek berea ematen badu eta nik erregalu gutxi egiten baditut, hor egon daiteke gakoa”

Joseba Derteano 2017ko abe. 27a, 10:30

Abizenak aditzera ematen duen moduan euskaldun sustraiak ditu Javier Zabalak (Angiano, Errioxa, 1997). Birraitona Abadiñoko Mendiola auzokoa zen. Handik nahiko gertu final garrantzitsua jokatuko du abenduaren 31n: Zaldibarko Olazar pilota txapelketakoa. Oier Etxebarria igorreztarrak eta biek torneoko partidurik harrigarrienean lortu zuten finalerako txartela. 9-20 galtzen zihoazen eta buelta ematea lortu zuten.

Aldapa gora dituzten partiduak aurrera ateratzen espezialistak bihurtu dira. Profesionaletarako bidean dauden afizionatuek jokatzen duten enpresen arteko txapelketako finalean dute aurrekaria; 12-20 eta 16-21 galtzen ibili ostean, irabaztea lortu zuten. “Horregatik, Zaldibarren hamargarren tantoa egin genuenean elkarri begiratu eta egoerari buelta emango geniola konbentzitu ginen. Behin lortu bagenuen, zergatik ez bigarrenez?”, adierazi du aurrelari errioxarrak. Esan eta egin. Etxebarria egurrean hasi zen. Zabalak, egunik inspiratuena ez zuela jakitun, joko praktikoa egitea erabaki zuen: txukun defendatu eta aukera zuenean, atzera pilota. Bazetozela, bazetozela, eta Sanchez eta Prieto aurkariak, batez ere bigarren hori, urduri jartzen hasi ziren. Esaterako, Prietok sake laburregia atera zuen 16-21ekoan.  

Finalean Alberdi eta Aranguren gipuzkoarrak izango dituzte aurkari. “Ondo ezagutzen ditugu eta ezer erragalatzen ez duen bikotea da”, dio Zabalak. Horregatik, “pazientzia” izango da euren estrategia. “Oierrek berea ematen badu eta  nik erragalu gutxi egiten baditut, hor egon daiteke partiduko gakoa”. Oier Etxebarria bizkartzain izatea “gozamena” dela dio. Elkarregaz poz handiak hartu dituzte, baina elkarren kontra jokatzea ere egokitu zaie. “Bergaran final bat irabazi zidan. Ondoren, nik Lodosan beste bat irabazi nion. Elkarregaz zein elkarren kontra sarritan aritu gara”.

Euskaraz zekien errioxarra
Ikasitako gehiena ahaztuta du, baina euskaraz “dezente” jakin izan duela dio Zabalak. Ez bere birraitonak irakatsita, bera jaio orduko hil baitzen. Errioxako Bañares kanpinean ikasi zuen. Lagun pilotariekin udako hainbat aste han ematen zituen. “Hara joaten ziren gehienak euskaldunak ziren, hainbat ezagutu nituen eta, azkenerako, euskaraz gauza dezente esaten nekien. Zoritxarrez, gehiena ahaztu zait”.

Birraitonaren sorterria ezagutzeko aukera izan zuen orain hilabete batzuk. “Biharko Izarrak txapelketan aritu nintzenean Abadiñora joan nintzen herria ezagutzera, kuriositatea nuelako, eta asko gustatu zitzaidan”.
Aspegaz aurrekontratua du 20 urteko errioxarrak. Oraintsu berritu du akordioa. “Ez dut profesionaletan debutatzeko presarik. Nire maila ahalik eta gehien hobetu gura dut afizionatuetan”, azaldu du pilotariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!