Taldea indartzeko hainbat ekintza egiten dituzte, eta horietako bat domeka honetan izango dute. Olazar frontoian, taldeko 42 neskatoek eta ekimenera gonbidatutako beste klub batzuetako kideek ikuskizuna eskainiko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, domekako espektakulua 12:00etan hasiko da, eta ahalik eta herritarrik gehien bertaratzea dute helburu.
“Olazarmendik lan handia egiten du taldea sustatzeko, eta herrian pertsona askok gimnasia erritmikoaren aldeko apustua egin dutela jakitea guretzat oso pozgarria da”, adierazi du zuzendaritzako kideak.
Horrez gain, Olazarmendiko kideak zaldibartarren jarreragaz oso eskertuta daudela adierazi dute. “San Andres jaietako txupineroak izateko aukera eman ziguten, eta hori plus bat izan zen guretzat”, esan du Garciak. Etxeko txikienentzat “esperientzia izugarria” izan zela adierazi du.
Txikigym, Durangon
Bestalde, zapatuan, Uztai taldeak urteroko Txikigym gimnasia erakustaldia egingo du, 11:00etan, Landako kiroldegian.
Azken urteetan egin ohi duten moduan, erakustaldia ekintza solidario bategaz lortuko dute. Aurtengoan, erakustaldian batutako dirua Saharara bideratuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek, Pulmón de Gaia elkarteak Pandemonium rally solidarioan parte hartu dezan.
Landako kiroldegian jarritako postu batean Baquek emandako kafea eta Uztai taldeko kideek egindako bizkotxo zatiak salduko dituzte dirua lortzeko.
Uztai taldeak antolatzen duen erakustaldiari dagokionez, herriko taldekoez gain, Bizkaiko hainbat herritako benjamin aurreko gimnastek ere parte hartuko dute.