San Andres jaietako txupinaren ondoren irekiko ditu ateak Castet eraberrituak. Auzolanean egin dira obrak, eta 80 lagun baino gehiagok parte hartu dute. "Ekarpen ekonomiko asko jaso ditu, horietako batzuk anonimoak eta azaroaren 5ean hasita 29ra arte goiz eta arratsalde egunero aritu da jendea lanean herriko taberna berritua zabaltzeko asmoz” azaldu du Eneritz Azpitarte Castet elkarteko kideak.
Zaldibarko Ezker Abertzaleak hausnarketa egin ostean, proiektu berri bati hasiera ematea erabaki zuen. Lehenbiziko urratsa, tabernari itxura aldatzea izan da. “Ezker Abertzalearen indarretako bat da parte-hartzea eta auzolana. Zaldibarren, gauza asko egin ditugu auzolanean eta orain berriz, herriko taberna itxura aldatzea tokatu zaigu, herritarren erantzuna ikaragarria izan da" azaldu du Ainhoa Zabarte elkarteko kideak.