Hain zuzen ere, udalari egindako proposamen sorta biltzen du berriki aurkeztutako Alokairu Sozialerako Programak. “Gure proposamenagaz, udalak gazteen emantzipazioa sustatzeko eta errazteko programa osatu dezake”, dio Pello Zabarte Barrurako kideak.
Ekimenaren helburua gazteen emantzipazioaren arazoari erantzun erreal bat ematea da, egingarriak diren proposamenak eginez horretarako. Eragileak Zaldibarren 200 etxe huts daudela azpimarratu du. Programa osatzeko, profil ezberdineko dozena bat gazte ingururen laguntza eduki dute Barrurako kideek. “Hiru-lauko taldetan batu gara, eta batzarretan irten diren kezkak bildu ditugu. Gure ustez, gabeziei erantzuteko proposamenik onenak bildu ditugu”, azaldu du Zabartek.
Proposamenek 18-32 urte bitarteko gazteei eragiten diete. Etxeko jabeek, gazteek eta Zaldibarko Udalak berak bete beharreko hainbat baldintza agertzen dira; adibidez, etxebizitzaren baldintzak teknikari batek ziurtatuko dituela.
Sinadura bilketa
Barrura ekimenaren asmoa kalean presente egotea ere bada. Horrela, joan den asteko Neguko Azoka sinadura bilketa abiatzeko baliatu zuten gazteek. Hilabete eta erdian ahalik eta gazterik gehienen babesa lortzea gura dute Barrurako kideek; 18-32 urte bitartekoen sinadurak biltzen ari dira. “Ez dugu inor kanpoan utzi gura, adin tarte hori erabiltzea erabaki dugu, gazteei protagonismoa emateko, arazo sozial honen konponbidearen erdigunean jartzeko”, esan dute. Programari buruzko informazioa ere banatu zuten.