150.000 euro gorde ditu Zaldibarko Udalak kultur etxea egokitzeko

Aritz Maldonado 2017ko aza. 15a, 09:00

Urteetako hutsunea bete eta Zaldibarren kultur etxea egoteko pausoak ematen ari da udala. Berriki, 150.000 euroko inbertsioa onartu du Sanjoangoa-Elexpe eraikina eraberritu eta kultur etxe bihurtzeko. EH Bilduren proposamenak EAJren babesa du. PSEk, aldiz, aurka bozkatu zuen.

Kultur etxearen gabezia “historikoa” bilakatu da Zaldibarren. Izan ere, urteak dira behar honi buruz hitz egiten hasi zela herrian. Arantza Baigorri alkatearen arabera, lehentasunezko gaia bilakatu zen udal taldearentzat. “Herrian ez dago kultura kontsumitzeko eskaintzarik, ez dago azpiegiturarik, eta hori oso tristea da”, adierazi du. Momentu honetan, zaldibartarrek inguruko herritetara joatea beste alternatibarik ez dutela ere salatu du Baigorrik. Udalak 150.000 euroko laguntza bideratzea onartu du. Hala ere, oraindik ez da zehaztu noiz aurkeztu ahalko diren eraberritze proiektuak. “Deialdia 2017an publikatu ahal izatea da gure asmoa, eta horretarako gabiltza lanean”, azaldu du Baigorrik.

Desadostasuna nagusi
Kultur etxearen kokapena bera eztabaidagai izan da, baita azkeneko urteetan ere. Izan ere, zenbait proposamen egon dira azken hau onartu aurretik. “Bere garaian, EAJk Sanjoangoa-Elexpe bota, eta eraikin modernoago bat egitea proposatu zuen. Herritarrek gelditu egin zuten proiektu hori, hainbat sinadura bilduta”. Kultur etxea beste toki batean kokatzeko gainontzeko proposamenak ere baztertu egin dira, beti.

Zorraren zama
Krisi ekonomikoak Zaldibarren abiaraztekoak ziren hainbat ekimen baldintzatu ditu azken urteetan, tartean, kultur etxearen obra ere. Udalak lehendik duen zorra arintzea lortu du azken urteetako kudeaketagaz, eta, orain, horrelako inbertsio bati ekiteko momentu ona dela iritzi dio. “Beharrezkoa den proiektua da hau; urteetan ongi eraman ditugu kontuak, eta horrek posible egiten du hau orain gauzatzea”, azaldu du Baigorrik.
Sanjoangoa-Elexpe etxea Zaldibarko eraikinik zaharrenetakoa da, eta berau berritzea Alde Zaharra berreskuratzeko modu bat dela ere aldarrikatu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!