“Berriz taldeari irabazi genion derbia ez dugu sekula ahaztuko”

Joseba Derteano 2017ko aza. 10a, 14:16

Zaldibarren emakumeen futbola berreskuratzeko, lehen pausoa eman dute aurten haur-kategorian taldea aterata. Aurreko taldea orain 15 urte desagertu zen, lau urtez aktibo egon ostean. Joan zen asteburuan, Zalduak Zaldibarreko emakumeen futbolean aitzindari izandako jokalari horiek omendu zituen, Solobarria futbol-zelaian.

Omenaldiak ustekabean harrapatu zaituzte?
Bai, ezustean harrapatu gaitu. Egun batzuk lehenago deitu, eta ea joan gintezkeen galdetu ziguten. Dena astebeteren barruan gertatu den kontua izan da.

Taldea desagertu zenetik batu zareten lehenengo aldia izan da?
Bai. Gehienak Zaldibarrekoak gara, elkar ezagutzen dugu eta elkarregaz egoten gara. Baina, talde moduan, batu barik geunden. Omenaldira herritik kanpora bizi den baten bat ere etorri da, esaterako. Beste batzuk ezin izan dira bertaratu.

15 urtez atzera egitea lakoa izan da?
Dudarik barik. Aldageletara bideko hormetan eskegita dauden argazkiak ikusterakoan oroitzapen asko etorri zaizkigu. Zelako zelaietan jokatzen genuen, esaterako. Hareazko zelaiak ziren, patata-soroaren modukoak. Edo Elorrioren eta Berrizen kontra jokatzen genituen derbiak ere gogoratu ditugu.   

Zelan batu zinen talde hartara? Aurretik futbolean aritutakoa zinen?
Bai. Herritik kanpoko beste talde batzuetan jokatuta nengoen. Berrizen eta Iurretan aritu nintzen. Taldea sortuko zela jakitean, bertara batu nintzen. Gainerako jokalari denak futbolean aritu bakoak ziren. 

Nahiago izan zenuen herrian jokatu nahiz eta esperientziarik bako jokalariak izango zenituen taldekide?
Bai. Herriko taldean jokatu ahal izatearen esperientzia hori bizi nahi nuen. Niretzat motibazioa izan zen.

Emakumeen futbola, zelakoa zen orduan? Gizonenagaz alderatuta, tratu berdina jasotzen zenuten?
Herriak ondo hartu gintuen, eta jende nahikotxo etortzen zen gure partiduak ikustera. Beharbada, herritarrentzat ere nobedadea izango zelako. Gero, entrenatzeko ordutegiak banatzerakoan, esaterako, gizonak arratsaldetan entrenatzen ziren, eta gu, ahal genuenean: goizetan, libre zeuden orduetan… Orduan horrela zen.

Zelan gogoratzen dituzu futbol taldea aktibo egon zen lau urte horiek?
Beti animatuta eta motibatuta ibiltzen ginen. Niretzat urte politak izan ziren. Oso gustura aritu nintzen. Berriztik Zaldibarrera bizitzen etorritakoa nintzen, eta ez nuen jende askorik ezagutzen. Taldearen bidez jende dezente ezagutu nuen eta oraindik gertuko harremana dut batzuekin. Orduko hamaika oroitzapen ditut. Gogoan dut, esaterako, belarrezko zelai batean lehenengoz jokatu genuenekoa, Bilbotik gertu. Imajinatu, hareazko zelaietara ohituta, belarrezkoa probatzea itzela izan zen. Elorrioko jokalari baten lesioa ere gogoratzen dut. Alboko sake batean atzerantz korrika zihoan, eta belauna irten zitzaion. Irudi hori ez zait sekula ahaztuko.

Badago memorian bereziki iltzatuta geratu zaizun futbol partiduren bat?
Berrizi irabazi genion derbia ez dugu sekula ahaztuko. Talde bien artean zegoen lehiagatik berezia izan zen. Jokalari denei galdera hori egiten badiezu, berdina erantzungo dizute. Gainera, azkenengo urtean izan zen. Ordura arte beti irabazi ziguten, eta laugarren urtean, gure azkenengoan, geu izan ginen irabazle. Partiduaren ostean ospatu egin genuen.

Zergatik desagertu zen emakumeen taldea?
Asko ni baino gazteagoak ziren eta kanpora joan ziren, ikasketengatik. Besteren bat lanean hasi zen. Saiatu arren ezin izan zen jokalari berririk batu eta taldea utzi behar izan genuen.

Futbolean jarraitu zenuen?
Ez, utzi egin nuen. Lanean hastera nindoan eta ez neukan beste talde batera joateko gogorik. Taldekide bat Berrizera joan zen, eta gero Realera. Beste bat Eibarren aritu zen ostean.

Zuen oinordekoa hartu dezakeen taldea sortu dute aurten.
Nesken taldea sortu izanak poza ematen dit, poz handia. Hau hasiera da eta ea aurrera doan.

Neskak entrenatzea gustatuko litzaizuke?
Zerbaiten parte izatea gustatuko litzaidake. Ez dakit entrenatzaile izateraino, baina parte izatea polita litzakete. Babesa behar badute, edo nonbaitera joan eta zelan joan ez badute, laguntzeko prest nago. Omenaldira batu ginen gehienok hori egiteko prest egongo ginela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!