16 urtetik gorakoentzako bertso eskola ipini gura dute martxan Zaldibarren

Itsaso Esteban 2017ko urr. 23a, 11:00

“Ahozkotasuna landu eta hitzagaz jolasteko” gogotsu dauden 16 urtetik gorakoei zuzenduta, hiru hilabeteko bertsolaritza ikastaroa antolatu du Zaldibarko Udaleko Euskara Zerbitzuak.

Azaroan hasiko da ikastaroa. Bertsolaritza “giro onean eta modu ludikoan” landuko dute ikastaroan parte hartzen dutenek, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik. Urriaren 30era arte, eguen@zaldibar.eus helbidean edo 946827016 telefono zenbakian eman daiteke izena.

Hiru hilabetean zehar 14 saio izango dituen ikastaro labur hori epe luzera Zaldibarko bertso eskola sortzeko lehenengo pausoa izatea gura du Zaldibarko Udalak. Horregatik, bertsozale taldea egonkortuko balitz, hiru hilabeteko ikastaroa urte osora zabaltzeko aukera egongo litzatekeela aurreratu dute antolatzaileek. Izan ere, bertsolaritzaren transmisioak eta sustapenak euskararen erabilera, bizitasuna eta kalitatea handitzeko ekarpen esanguratsua egin dezaketela uste dute.

Bertso eskolen jaia
Urriaren 27an, Durangaldeko bertso eskolen ikasturte hasierako jaia Zaldibarren egingo dute. Ikasturtea modu ofizialean hasteko eta Zaldibarko bertso eskolaren sorreran laguntzeko antolatu dute jaia bertan. Berriz, Durango, Zornotza eta Otxandioko bertso eskoletako 8 taldetako kideak gonbidatu dituzte jai horretara. Meriendan elkartuko dira gazteak lehenengo, eta herrian zehar bertso poteoan ibiliko dira bertsolariak eta gai-jartzaileak, ondoren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!