Europa osoan zein gure gizartean ere hedatzen dabilen arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko, “herritarren arteko elkar ezagutza, elkarlana eta aniztasunari balioa ematea”dira Zaldibarko Jendeak Taldearen ustez biderik onena, eta asmo horregaz antolatu dute biharko jaia.
Kalejira batek emango dio jaiari hasiera, 11:00etan, eta Zaldibarren bizi diren kulturetako jakiak dastatzeko aukera izango da 13:00etan. Ondoren, 14:30ean, bazkaltzera elkartuko dira herritarrak. Arratsaldean, aurreko bi urteetan egin duten bezala, kultura jaialdia egingo dute, 16:00etatik 18:00etara. Senegalgo doinuak jotzen dituen Sapali taldeagaz kalejira abiatuko dute 18:00etan, eta Gaztetxean jarraituko du jaiak ondoren.