Herritarrei obraren egoeraren berri eman gura dietela azaldu du Arantza Baigorri alkateak. Aurreratu du, obrari loturiko hainbat erabakiri dagokienez, Zaldibarko Udalak eta Osakidetzak dauzkaten desadostasunak direla lanen atzerapena ekarri duten arrazoiak, obra aurrera eramaterakoan administrazio biek irizpide desberdinak dituztela.
Asteleheneko batzar hori antolatu eta informazioa eskainiaz, zaldibartarrak lasaitu gura dituztela adierazi du Baigorri alkateak. Izan ere, azaldu duenez, egiazkoak ez diren hainbat zurrumurru dabiltza kalean, eta jendeak benetako arrazoiak ezagutzea gura dute.
Bestalde, alkateak azpimarratu du ulertzen duela jendea jakin-minez egotea, “izan ere, aurreikusita zegoenaren arabera, berdegune hori disfrutatzen egon beharko ginateke dagoeneko, eta lanek ez dute, momentuz, amaitzeko itxurarik”.
Osakidetzaren eskutik, 2016an eskuratu zuen Zaldibarko Udalak ospitaleko 3.448 metro koadroko lursailaren lagapena, eta aurtengo ekainean ekin diete lanei. Esan bezala, baina, uztailetik geldi daude lanak.