Zaldibarko kiroldegian eta futbol-zelaian hobekuntzak egin dituzte udan

Itsaso Esteban 2017ko ira. 12a, 11:10

Udako hilabeteak aprobetxatuta hainbat obra egin dituzte Zaldibarko kirol instalazioetan eta eskola eremuan. Kiroldegiko teilatuan egin beharreko lanak gauzatu dituzte, batetik. Itoginak konpondu dituzte, 43.019 euroko aurrekontuagaz.

Solobarria futbol-zelaian ere hobekuntzak egin dituzte, bestalde. Ikusleei zelai osoa ikusten uzten ez zieten zutabe opakuen ordez berriak ipini dituzte. Polikarbonatozko panel zehargarriak dira 3.545 euroko inbertsioa eginda ipini dituztenak.

Arratsaldetan erabilgarri egongo den komun publikoa atontzeko lanak ere egin dituzte udan honetan, eskola eremuan. Eskola orduetatik kanpo, gurasoak eta umeak ikastetxeko jolastokian egoten diren orduetan erabili ahal izango da komun hori, 16:00etatik 19:00etara. Komunaren sarbidea giltza elektroniko bidezkoa izango da, eta sistema hori martxan jartzea falta da. Udal gobernuak adierazi duenez, datozen asteetan ipiniko dute giltza elektronikoaren sistema hori martxan.

Santa Isabel kalea oinezkoentzako gune bihurtzeko uztailean abiatu zituzten lanak ere datozen astean amaitzea espero du udalak. Margoketa lanak egitea falta da. Hainbat aparkaleku berri atondu dituzte kale horretan, eta oinezkoentzat pasabide berriak ere egokituko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!