Bi gizon atxilotu dituzte Zaldibarko enpresa batean lapurretan egitea egotzita

Jone Guenetxea 2017ko abu. 17a, 15:43

Ertzaintzak prentsa oharrean azaldu duenez, gauerdian, bi gizonezko atxilotu dituzte "ondarearen aurkako delitu baten akusaziopean". Gaineratu dutenez, atxilotuek erremintak ebatsi dituzte, palet batekin beirategi bat apurtu, eta lokalera sartu ondoren. 

Lapurreta gauerdia baino minutu batzuk lehenago gertatu dira; ordu horretan, Durangoko Ertzain-etxeko agenteak Zaldibar inguruan zebiltzan eta erreminta-enpresa bateko beirategian kalteak ikusi zituzten. Era berean, enpresatik metro gutxira, ibilgailu bat ikusi zuten, eta barruan bi gizonezko ezagun zeudela konturatu zirela aurreratu du Ertzaintzak. Jabetzaren kontrako delitu ugari dituzten gizonezkoak zirela argitu dute oharrean. Prebentziozko miaketa egin ondoren, agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, beira arrastoak zituzten oinetakoetan. Gainera, ibilgailuaren eta enpresaren artean erreminta-kutxa bat aurkitu zuten, eta horren ondoan eramateko prest zegoen beste bat.

Momentu horretan, bi gizonezkoak atxilotu zituzten, ondarearen kontrako delitua egotzita. Hurrengo orduetan, epailearen aurrera eramango dituzte biak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!