Goierriko auzotarrek hartuko dute jaien testigua, gaurtik uztailaren 18ra

J.G/I.E. 2017ko uzt. 14a, 11:30

Aurtengo jaietan, emakumeek ere hartu dute parte Dantzari dantzan.

Bihar 07:00etan Zaldua plazatik irtenda egingo duten 40. Mendi Martxagaz eta 18:00etan liburutegi zaharrean egingo duten Argazki rallyaren sari banaketagaz amaituko dituzte Zaldibarko jaiak.

Uztailaren 6an Donien Atxa ipini zutenetik, jaietako askotariko ekintzak ez ezik, hainbat nobedade ere izan dira Zaldibarren. Domeka eguerdian Zaldua plazan egin zuten dantza emanaldian, emakume batek Dantzari dantza osoa egin zuen gainerako ezpatadantzariekin, lehenengoz. Sorne Uriarte 41 urteko zaldibartarra izan zen ezpatadantzari hori.

Parekidetasunerantz
“Plazara irten eta txalo zaparrada entzun dudanean emozionatu egin naiz”, adierazi zuen Uriartek. Domeka eguerdiko emanaldi horretan, gainera, zortzi neska gaztek osaturiko talde batek Agintariena eta Txotxongiloa dantzatu zituen, euskal dantza tradizionaletan parekidetasunerantz pauso inportantea emanez.

Goierrin darrai jai-giroak
Herriguneko jaiak amaituta, Goierri auzoko Santa Marina jaiak hasiko dituzte, asteburu honetan, zaldibartarrek. Gaur, 20:00etan, ipiniko dute Donien Atxa, eta kantu jaialdian eta bolo-jokoan elkartuko dira. Uztailaren 18an jai horiek amaitu orduko, asteburu osoan jai-giroa izango da nagusi Goierrin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!