Hiri Antolamendurako Plan berria onartu dute behin-behinean

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 6a, 14:40

Joan zen egueneko ezohiko osoko bilkuran bozkatu zuten Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin-behineko onarpena. Azken bost urteetan burutu duten prozesuaren azken aurreko pausoa izan da joan zen egueneko hori. Udal gobernuan dagoen EH Bilduko ordezkariek bozkatu zuten HAPO berri hori behin-behinean onartzearen alde. Kontrako botoa eman zuten, aldiz, EAJk eta PSEk.

Bost urtez berrikusten jardun diren plana behin betiko onartzen dutenean, herriaren antolamenduaren datozen hamar urteetako jarraibideak zehaztuta geratuko dira. Hirigintzari eta herri antolamenduari dagokienez, Zaldibarrek garatuko duen eredua dokumentu horrexek zehaztuko du. 

Besteak beste, herrigunean autoen presentzia gutxitzea, eta Zaldibar oinezkoentzat eta bizikletarientzat herri atseginagoa izateko neurriak hartzea aurreikusten du dokumentuak. Etorkizunean etxebizitzak eraikitzekotan horiek babes sozialekoak izan beharko liratekeela, edota herriko hainbat lursail nekazaritzarako gordetzea ere jasotzen du dokumentuak. 

EH Bilduko udal gobernuak nabarmendu duenez, herritarren parte-hartzea bultzatu gura izan dute plan berria diseinatzerako orduan. HAPOren berrikuspen prozesuak iraun duen bost urteetan hamar tailer egin dituzte herritarren ekarpenak jasotzeko, eta jendaurreko hainbat aurkezpenetan azaldu dituzte planak jasoko zituzten ideia nagusiak. “Jende askok inplikazio handia erakutsi du proiektu hau aurrera ateratzeko”, Arantza Baigorri alkateak.

Oposizioari "utzikeria" leporatu dio alkateak

Inplikazio horren kontrako muturrean, oposizioaren “utzikeria eta interes falta” kritikatu ditu Arantza Baigorri alkateak asteon zabaldu duen prentsa oharrean. “HAPOren diseinuan parte hartu duten herritar, profesional eta zinegotziekiko errespetu falta” deritzo Baigorrik oposizioaren kontrako botoari. “Herri proiektu baten kontra bozkatu dute”, dio.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!