Zaldibarko jaiak

28 kilometroko ibilbidea osatu dute 40. mendi martxarako

Aitziber Basauri 2017ko uzt. 6a, 09:15

Zenbaki borobila beteko du aurten Zaldibarko mendi martxak. 40 urte beteko dira Zaldua mendi taldeak lehenengoz antolatu zuela ibilaldi neurtu hau, eta pozik daude izaten duen harreragaz. Urte hauetan guztietan bikoiztu egin da partaideen kopurua. Hartara,  95-105 bat lagun batu ohi ditu Zaldibarko jaietan guztiz errotu den mendi  martxa honek.

Aurten, 28 kilometroko ibilbidea prestatu dute, 1.280 metroko desnibelagaz. Zailtasun berezirik ez duen ibilbidea dela dio Lelu Gaztelurrutiak, Zaldua mendi taldeko kideak;“herritar guztiei zabaldutakoa”. Hala ere, federatuta egotea eskatu dute.

Uztailaren 15erako jarri dute mendi martxa. Zaldua plazan irtengo dira, 07:00etan. Ariatzura bidea hartuko dute parte-hartzaileek, eta handik Zengotita (Mallabia) auzora joango dira. Oizetik Berrizera sartuko dira gero. Sarrimenditik Andikonara joango dira, eta gero Zaldibarrerako bidea hartuko dute. Udaletxearen aurreko plazan bukatuko da martxa. Ibilbidean zehar eta helmugan hornidura lekuak egongo dira parte-hartzaileentzat, jakinarazi dutenez. Martxa amaitzean, oparitxo bana izango dute. Uztailaren 1ean zabalduko dute izena ematea.

Mendizaletasuna sustatuz
Zenbaki borobilagoa ospatzeko, hurrengo batera itxaron beharko da, Gaztelurrutiaren berbetan. “Baliteke 50 urte betetzean”, dio. Hala ere, lehenengo urte haietaz galdetzean, bestelako sasoiak zirela azaldu du. Mendizaletasuna bultzatzea helburu hartuta antolatu zuten I. Zaldibarko Mendi Martxa. Orduan, 50-60 lagun inguru batu ziren. “Mendi martxa herrikoa zen gehiago lehenengo urte haietan. Orduan ere eskaintzen zen edatekoa eta jatekoa. Baina ez zegoen oraingo profesionaltasunik. Topera prestatuta datoz orain”.  

Pena apur bategaz ikusten du Gaztelurrutiak egondako bilakaera. “Lehiarik ez dagoelako estimatu dut nik beti mendia. Hala ere, askorentzat ibilbide aproposa da entrenatzeko, eta guk horrelakorik gura ez dugun arren, parte-hartzaile askok korrika egiten dute martxan. Marka hautsi duten jakiteko, erlojuari begira ikusten dituzu asko martxa amaitzerakoan”, dio. Dena den, mendi taldeko kidea pozik dago, jendea leku askotatik joaten delako: Santurtzitik, Irunetik... Logroñotik ere urtero etortzen dira anaia bi. Sasoietara moldatu beharra dagoela uste du Gaztelurrutiak.

Hainbat ekintza
Zaldua mendi taldeak 60 bat bazkide ditu, eta urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditu.   Urrian 4. Herri Martxa izango dute eta, urteberri egunez Santamañazarrera igoko dira, usadioari eutsiz. Azkenengoz, 200 lagunetik gora batu ziren. Sagardotegira eta upeltegira irteera ere egiten dute, aurretik mendi buelta eginez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!