Zaldibarko jaiak

Zaldibarren olinpiadak berreskuratu ditu txosnaguneak

Aitziber Basauri 2017ko uzt. 5a, 13:00

Gazteen eskutik, baina herri guztiari zabalik, ondo pasatzeko gunea eskaini gura du Zaldibarko txosnaguneak. Hori helburu hartuta, egitarau zabala osatu dute Gaztetxeak, Txinurriak taldeak  eta Ernaik aurten ere. Berrikuntza moduan, eta iazko etenaren ondoren, olinpiadak berreskuratuko dituzte, uztailaren 8an.

Olinpiadak dira jaietako ekitaldien artean jenderik gehien erakartzen dutena. Hala azaldu du Mirari Urizarrek. Nabarmendu behar da, aurten, edozein herritarrek duela bertan parte hartzeko aukera. “Lehenengo urteetan txosnen arteko olinpiada izaten zen, eta gerora herri elkarteetara zabaldu genuen. Iazko etenaren ostean, aurten herritar guztiei eman gura izan diegu parte hartzeko aukera”, dio Urizarrek. Dibertitzeko asmoz, jolasen bitartez jokatzen dituzte olinpiadak.

Jaietako kamiseta jantzita emango diete ondoetorria jaiei —aurten, aurretik eskatu dituzte; 230 guztira—, elektrotxarangak girotuta. Uztailaren 6an izango da hori. Afaltzeko elkartuko dira, ostean. Gau giroa, berriz, Dj Lorok alaituko du.

Eskean Kristö eta Bad Sound Systen taldeekin kontzertua antolatu du txosnaguneak barikurako. Hala ere, izango da beste ekitaldirik. Sarrik eta Beñatek trikibertsopotea antolatu dute arratsaldean, eta goizaldeko ordu txikietan kulero, tanga eta galtzontzillo lasterketa egongo da. “Asko dira parte hartzera animatzen diren herritarrak; mutilak batez ere. Horregatik, neskak ere animatu gura ditugu”, dio Urizarrek. Uztailaren 8an, mojitopoteoa eta erromeria ere egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!