Helmuga elkarteko emakumeek jaurtiko dute Zaldibarko txupinazoa

Jone Guenetxea 2017ko uzt. 4a, 14:15

Helmuga emakume elkarteak protagonismo berezia izango du aurtengo jaietan. Izan ere, elkarte honetako kideek txupinazoa jaurti eta pregoia irakurriko dute Zaldibarko jaiei hasiera emanez.

Leonor Peña elkarteko kideak azaldu duenez, euren asmoa bazkide guztiak balkoira igotzea da jaiei ekiteko. Albistea sorpresaz hartu ez duten arren, ilusioa egin diela aitortu dute taldekideek. “Espero genuen lehenago edo geroago txupinazoa jaurtiko genuela, jai batzordean urte bakoitzean elkarte batek ardura hori hartuko zuela adostu zelako”, diote emakume elkartetik. Helmugak badu esperientzia arlo honetan. 2012an ere elkarteak txupinazoa bota zuen. Sasoi hartan, Zaldibarko tonbolaren ardura duten emakumeak izan ziren udaletxeko balkoira igo zirenak.  

Lehenengo pausoak
Leonor Peña eta Maria Jose Garcia izan ziren elkartearen sortzaileak. “Sasoi hartan, emakumeei zuzendutako ekintzak bultzatuko zituen elkarte baten falta sumatzen genuen”, azaldu du Peñak. Horrela, emakumeen parte-hartzea sustatzeko elkartea martxan jartzea erabaki zuten.

Harrezkero, Zaldibarko emakumeak laguntzeko prest egoten direla azpimarratu du Peñak. San Andresetako adibidea gogora ekarri dute elkarteko ordezkariek. Emakumeei tortillak ekartzea eskatzen diete. Euro batera saltzen dituzte, eta batutako dirua tonbolako emakumeei ematen zaie. Ekimen honetan gura duenak parte hartu dezake herrian. Gainera, elkarteak ogitartekoak egiten ditu, eta musika ere jartzen dute ekitaldia girotzeko.

Ekintzetara gizonak joan daitezkeen arren, bazkideak emakumeak dira. Gaur egun, 70 emakume batu dira taldera. Elkartearen ibilbidea errepasatuz, Peñak dioenez, instituzioekin tentsio handia izan dute urte hauetan. “Batzuetan geuk ere sartuko genuen hanka. Baina gu oso borrokalariak gara gure helburuak lortzeko”.

Ekintza asko
Helmugak hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar. Pintura eta bolillo tailerrek arrakasta izan dutela aitortu dute antolatzaileek. Sukaldaritza eta barreterapia ikastaroek ere harrera ona izan dutela dio Peñak. “Diruak ematen duena ematen du, ahal dugun guztia antolatzeko”. Urte bukaeran bazkide guztiak afari batean batzen dira, eta ekitaldi hori ere jendetsua izaten da. Era berean, irteerek arrakasta handia izaten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!