Nesken taldea sortzen saiatuko da Zaldua

Joseba Derteano 2017ko eka. 27a, 11:55

Zaldua futbol kluba kadete eta haur-kategoriako nesken taldeak sortzen saiatuko da. Iaz ere ahalegindu ziren, baina ez zuten neska kopuru nahikoa batu.

2001eko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra artean jaiotakoei zuzenduta dago izen-ematea eta www.zalduafutboltaldea.org webgunearen bidez egin daiteke. Zaldibarkoei ez ezik, herritik kanporakoei ere bideratuta dago deialdia. “Gu ez gara beste tokietara jokalariak batzen joango, baina atea zabalik dugu etorri gura dutenentzat”, dio Roberto Terroba Zalduako zuzendaritzako kideak.

Talde bakoitzean hamalau jokalari behar dituzte gutxi gorabehera. Zortzi badituzte dagoeneko. Bost haur-kategoriakoak dira eta kadete mailan ere jokatu dezakete. Aukera hori ahalbidetzen du federazioak, Zaldibar 5.000 biztanletik beherako herria delako. Beste bi otxandiarrak dira.

Sortu gura dituzten lehenengo taldeak gazte mailakoak izatea ez da kasualitatea. Haur-kategoriara arte mutilak eta neskak elkarregaz aritzen dira. Maila horretatik aurrera, ordea, ez dute non jokatu. Gazteetatik hasita etorkizunean maila denetara heltzea da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!