Otsailean obra hasi zutenean, ospitale inguruko hesi berria altxatzeko lanek lau hilabete iraungo zutela aurreikusi zuen gobernu taldeak, baina asteon udal gobernuak jakitera eman duenez, lanen parte bat baino ezingo dute amaitu uztailerako. Obraren bigarren partea uda ostean egingo dute.
Arantza Baigorri alkatearen berbetan, lanak ospitalagaz koordinatzea ez da lan erraza izan, eta horregatik atzeratu da obraren amaiera data. Alkateak azaldu duenez, hainbat bider eten behar izan dute obra.
Ospitaleko berdegune zati bat zaldibartarren erabilerarako zabalik utziko duen altzairuzko hesi berria altxatu dute dagoeneko, eta egitura horri azken ukituak ematea falta zaie. Datozen asteetan, bestalde, ospitaleko segurtasunekoen garita berria atontzen amaitu behar dute. Euskal Herria eta Olazar kaleen bidegurutzetik anbulatoriorainoko zatia uztailerako prest egotea espero dute, herriko jaietarako.
Beste hainbat lan uda ostean amaituko dituzte: berdeguneko eremu batean atonduko duten anfiteatroa eta orain ospitaleko segurtasunekoen garitan egingo duten komun publikoa, esaterako. Herriko lehenengo komun publikoa izango da.