Antolatu duten jaiagaz bat egin, eta "berdintasunean eta errespetuan oinarrituz" lagun berriak egitera gonbidatu dituzte, gaurko prentsaurrekoan, eskualdeko herritar guztiak. Ezgaitasun Eguna aurten Zaldibarren ospatuko dutelako oso pozik agertu da Arantza Baigorri alkatea: "Hainbat urtez eskatu diogu Geu Beri eguna Zaldibarren antolatzea, izan ere, herritarrentzat gauza oso aberasgarria dela uste baitugu". Baigorriren berbetan, "Geu Beko kideen errealitatea ezagutzeko eta geure herria hobetzeko aukera" da zapatuko hitzordua.
Jon Guerrero, Saioa Ortiz eta Aitor Alberdi Geu Beko kideek eman dute zapaturako prestatu duten egitarauaren berri. Azaldu dutenez, Geu Beko taldearen eta Zalduaren arteko futbol partiduagaz hasiko dute eguna, 09:30ean, eta Zaldibarko Txintxaur taldekoen eskutik, umeentzako tailerra eta jolasak izango dira, 11:00etan.
Bazkal aurretik, 13:00etan, askotariko dantzen emanaldia izango da ikusgai, eta 14:30ean, ia 500 lagun elkartuko dira bazkari herrikoian. Gaur azaldu dutenez, bazkarirako txartel gutxi batzuk eskuragarri daude oraindik, Herrikoan eta Paularen tabernan.
Zapatuan Zaldibarren ospatuko dutena Durangaldeko Ezgaitasun Egunaren bosgarren edizioa izango da. Geu Be elkarteak antolaturiko jaiaren aurreko edizioak Abadiñon, Elorrion, Iurretan eta Berrizen egin zituzten.