Jaione Arregi: “Estatu bakoitzak hizkuntza gutxituekin duen harreman hori islatzen da EBan”

Aitziber Basauri 2017ko mai. 6a, 12:00
Jaione Arregi Urizar (Zaldibar, 1976)

Europar Batasunerako interpretea da Jaione Arregi. Freelance moduan ari da lan horretan, 2000. urtetik. Hala ere, 1998an joan zen lehenengoz Bruselara, beka bategaz, Itzulpengintza eta interpretazioa ikasketak bukatuta; EBko Batzordeko itzulpengintza zerbitzuan egin zuen lan. Euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, italiera eta portugesa hitz egiten ditu zaldibartar honek.

Zein da Europar Batasunean egiten duzun lana?
Atzerriko hizkuntzetatik —ingelesa, frantsesa, italiera eta portugesa— nire bi ama hizkuntzetara interpretatzen ditut, euskarara eta gaztelaniara. Inoiz ez alderantziz. Normalean, Bruselan eta halako erakundeetan bakoitzak bere ama hizkuntzara interpretatzea gura dute. Bi norabidetan, euskara-gaztelania egiten dut bakarrik.

Nolako presentzia du euskarak EBan?
Eskualdeen Batzordean erabili daiteke, eta erabiltzen dute —katalana, galegoa, euskara... daude—. Marian Elorza Jaurlaritzako kanpo harremanetarako idazkari nagusiak edo Uxue Barkos Nafarroako presidenteak parte hartzen dute hor, adibidez. Batzuetan, Ministroen Kontseiluan ere erabiltzen dute. Hala ere, Parlamentuan ezin da.

Sinbolikoa da erabilera ?
Ez. Hizlari edo politikari bakoitzak hizkuntzarekiko duen ardura edo sentsibilizazioaren araberakoa da. Dena den, kontua da oso aukera gutxi daudela hitz egiteko; protokolo gehiegi dago. Sinbolikoa ez da, egiten da. Adibidez, Marian Elorzak aurkeztutako mozioak euskaraz defendatzen ditu, euskaraz komunikatzen da, baina hitz egiteko aukera gutxi duenez...

Nola egiten duzue lan interpreteok kabinan?
Batzarrean dauden hizkuntza kopuruaren arabera bi-hiru interprete egoten gara, eta bakoitzak batzarrean erabiliko diren hizkuntza gehienak egin ditzan saiatzen gara. Hizkuntza bat falta zaigunean ‘relai’ deritzona egingo dugu. Adibidez, orain EBko Kontseiluko presidentea Maltakoa da. Espainiar kabinan ez dugu maltera dakien inor. Orduan, ingeleseko kabinakoek maltera-ingelesa egingo dute, eta hortik interpretatuko dugu.

Hizkuntza gutxituekiko harremana, nolako da?
Estatukide bakoitzak hizkuntza gutxituekin duen harreman hori islatzen da Europar Batasunean. Hala ere, egia da EBk hizkuntz aniztasunarekiko konpromisoa hartu duela. Halako erakunde batek 24 hizkuntza ofiziali eustea ez da ohikoena. Horretan EBren alde egin behar dut. Nazio Batuen Erakundean, adibidez, ingelesa, frantsesa, arabiera, txinera eta errusiera daude. Egungo pragmatismoaren aurrean badago eleaniztasunaren aldeko konpromisoa.

24 hizkuntza ofizial eta herrialde desberdinetako beste 60 hizkuntza dauden arren, ingelesaren pisua nabarmena da?
Bai. Iparraldeko herrialdeetan ingelesa da bigarren hizkuntza, de facto. Pragmatikoagoak ere badira, eta hizkuntzarekiko beste ikuspuntu bat dute. Azkenengo sartu diren herrialde askok ere ingelesa egiten dute. Munduan gertatzen denaren isla da.

Hizkuntzek betidanik erakarri zaituzte?
Bai, nahiko goiz hasi nintzen ingelesagaz, eta institutu garaian fratsesagaz hasi nintzen. Dena den, beti izan dut irakurzaletasun handia eta komunikaziorako gogoa, jakin-min intelektualari lotuta: nola egin posible komunikazioa, herrialdeen arteko desberdintasunak... Itzulpengintzak eta interpretazioak izena jarri zion egin gura nuen horri. Bokazioa zen nirea. Hizkuntzen artean ibili gura nuen.

Nola lortzen da hizkuntza bat ondo hitz egitea?
Beste kultura batean murgiltzeko gogoa behar da, jakin-min hori izatea. Eta ikasi, noski! Funtsezkoa da ere herrialdean egotea eta praktikatzea. Hizkuntza behar duzula, erabiltzeko premia duzula sentituz ikasten da.

Zein da hizkuntzarik zailena interpretatzeko?
Ingelesa. Ikasteko eta erabiltzeko erraza da, baina zaila sakontzeko. Asko aldatzen da, eta trinkoa eta oso dinamikoa da. Gainera, hainbat doinu daude.

Itzultzailea eta interpretea ez dira gauza bera.
Itzulpena idatzizkoa da, eta interpretazioa ahozkoa. Aldibereko interpretazioa eta esan ostekoa daude— esan dutenagaz oharrak hartu eta gero diskurtsoa ematea— ; lotura gisa funtzionatzen duena ere bai, bi norabidetan egiten dena. Zerbitzu publikoen aurreko interpretazioa ere badago —ospitaletan, komisarietan, epaitegietan...—. Hortik doa lanbidearen etorkizuna. Komunikazioaren beharrizanen garapen bat eman da: etorkinekin, errefuxiatuekin... dago premia, ez hainbeste diplomazia mailan. Hala ere, profesionalizatzea behar da hor.

Aldiberekoa da zailena?
Ikasi egiten den teknika bat dago, baina dohaina ere behar da. Komunikazioa bermatu behar dugu, etengabe, eta batzuetan zail egiten da: diskurtso trinkoak direlako, oso arin hitz egiten dutelako edo irakurri egiten delako. Teknika eta hizkuntzak ondo jakin behar ditugu, eta egunean jorratuko den gaia landu. Ekonomia eta finantzak egiten zaizkit zailen, baina dokumentatzeko era asko daude, eta hori ere gure lanaren zati da.

Nolako hizlariak daude?
Maila nahiko apala da. Zaila da hizlari ona izatea. Gainera, hizkuntzarekiko maitasuna galdu dela uste dut; hizkuntzari arreta pixkat bat jartzea falta da .

Interpreteak ikusezinak dira?
Ideiak, mezua, intentzioa beste hizkuntza batera ekarri behar dugu. Ezer gehitu edo kendu gabe, ahalik eta ñabardura gehien jasoz. Nolabaiteko neutrotasun hori dugu. Komunikazio arina lortu bada, traba gabe, komunikatu egin da. Ikusezinak gara hor. Komunikazioa ahalbidetu dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!