Bihar bertan, 19:30ean, iraganeko pilotari handiak eta gaur egungo izarrak batuko dituen mahai-inguru bat antolatu dute Zaldibarko udalbatzar aretoan. Izan zirenen taldea Jesus Garcia Ariñok —buruz buruzko txapelduna 1957an eta 1963an—, Iñaki Gorostizak —buruz buruzko txapelduna 1977an—, Pedro Garitak eta Inaxio Errandoneak osatuko dute. Gaur egungo izar bi eseriko dira eurekin: Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta.
Mahai-ingurura batu aurretik, Altunak eta Zabaletak beste hitzordu bat dute pilotalekuan. Pilota taldeko gaztetxoekin argazkiak aterako dituzte.
Partiduak eta bazkaria
Altuna eta Zabaleta maiatzaren 12an ere joango dira Zaldibarrera, baina pilotan jokatzera. Altunak Julen Martijagaz eta Zabaletak Joseba Ezkurdiagaz binakako partidua jokatuko dute. Aurretik, buruz buruko promozio txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzte. Peña-Arteaga eta Esteban-Bakaikoa finalerdietatik irtengo dira protagonistak.
Bazkideek hilaren 8, 9 eta 10ean eskuratu ditzakete sarrerak, 15 eurotan; partiduaren egunean bertan, 20 eurotan.
Partidu bien artean pilota taldea sortu zutenak omenduko dituzte klubeko gaztetxoen gurasoek. 1977an Alex Berasaluze, Enrike Agirrebeitia eta Ignacio Bravori esker sortu zen taldea.
Azkenik, maiatzaren 27an bazkari herrikoia egingo dute Goierriko elkartean. Txartelak Carobi eta Kizkitza tabernetan eskuratu daitezke.