Udaleko alderdi guztietako ordezkariek aurkeztu dute armarri berria

Itsaso Esteban 2017ko mar. 10a, 10:05

2011n hasi zen ikerketa eta burokrazia lan luzearen ostean, Zaldibarko armarri berriaren aurkezpena egin zuten, atzo, udaletxean. Arantza Baigorri alkateagaz batera, udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdietako zinegotzi banak parte hartu zuten agerraldi horretan.

Gerediaga Elkarteko Jon Irazabal, Jose Mari Uriarte, Gaizka Zabarte eta Balendin Lasuenek egindako ikerketan oinarrituta, Eitzagako errotako irudia eta Zaldua izena aukeratu dituzte Zaldibarko armarria osatzeko: ahoan harrapakin bana daramaten hiru otso agertzen dira armarri berriaren irudian, eta 1932ra arte herriaren izena zen Zaldua berbak ere leku berezia du bertan. Aho batez iritzi dio udalbatzarrak atzo aurkezturiko hori dela armarri "historiko, egoki eta kontrastatua".

1976. urtetik, zaldi bat izan da Zaldibarko armarriko irudi nagusia, baina historialariek eta heraldikan adituek azken urteotan burututako ikerketaren arabera, "frogatuta dago zaldia ez dela inoiz Zaldibarko ikurra izan".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!