Ikerketa burutu ostean, aldatu egin dute Zaldibarko udal armarria

Ikerketa burutu ostean, aldatu egin dute Zaldibarko udal armarria

Uztail amaierako udalbatzarrean onartu zuten udal armarria aldatzea. Orain, Eusko Ikaskutzaren eta Bizkako Aldundiaren oniritzia jaso beharko du armarri berriak. Aurrerantzean, eta egindako ikerketaren emaitzak oinarri hartuta, hiru otsoren irudia daukan eta 'Zaldua' idatzita dakarren armarria erabiliko du Zaldibarko Udalak.

Udalak duela bi urte enkargatu zuen ikerketaren emaitzetan oinarrituta egin dute aldaketa, eta Gerediaga Elkartearen eta Balendin Lasuen ikertzailearen laguntzagaz jardun da Zaldibarko Udala. Izan ere, Arantza Baigorri alkateak azpimarratu duenez, "udaletxera ailegatu eta alderdi bakoitza armarri bat edo logo bat erabiltzen eta gauzak nahasten ibili ordez, behin betiko armarria finkatzea gura izan dugu".

Eitzagako errotako armarria

Eitzagako errotako armarrikoa da Zaldibarko Udalaren armarri berrian agertzen den irudia; ikerketan parte hartu duten heraldikan adituek uste dutenez, erreferentzialtasun historiko handia duena. Baigorri alkateak aurreratu duenez, errota izandako eraikinaren jabeekin berba egitea gura du, orain, udalak: "Eraikina saldu zutenean armarria eraman egin zuten, eta berreskuratu edo kopiaren bat egiteko modurik dagoen aztertu gura dugu".