Aperribay: “Hasieratik jakin dugu Ohorezko Mailari eusteko sufritzea egokituko zitzaigula”

Joseba Derteano 2017ko ots. 16a, 12:44

Zaldua Ohorezko Mailara igo zen iaz. Bizkaiko kategoriarik altuena erronka handia izaten da talde igoberrientzat, eta zaldibartarrak mailari eusteko borrokan sartuta dabiltza denboraldi hasieratik. Bide horretan, Markel Aperribayren (Durango, 1990) golak dira taldeko arma nagusienetako bat. Sailkapeneko azken hirugarren dagoen taldeak mailako bigarren goleatzailerik onena dauka. Orain arte 10 gol sartu ditu durangarrak.

“Hasieratik bagenekien mailari eusteko sufritzea egokituko zitzaigula” adierazi du maila berean ari den Iurretakotik aurten Zalduara batu den jokalariak. Baina aurtengoa bereziki denboraldi konplikatua da behealdeko talde guztientzat. Izan ere, Bigarren B Mailako jaitsiera postuetan hiru euskal talde daude: Amorebieta, Sestao River eta Zamudio. Hirurak jaisten badira, gainerako maila denei eragingo die. “Baliteke Ohorezko Mailari eusteko azken seigarren geratu beharra”, aurreikusten du Aperribayk.

“Partidua edozein dela ere, beti zerbait positiboa ateratzen saiatu behar dugu aurrerantzean”, gaineratu du. Etxetik kanpo puntuatzea bera da positiboa den zerbait ateratzea, orain arte eskas dabiltzalako. Etxean, puntuak hirunaka batzen saiatu behar dute, orain arte 10 partidutik sei berdindu egin dituzte eta.

Zaldua golik gehien sartu duen zazpigarren taldea da. 28 gol 21 partidutan. Badute bolbora aurrean. Aperribayk eta Borja eta Javi Castrillo lehengusuek hirukote golegilea osatzen dute, besteak beste. Baina defentsako lanean eskas dabiltza. Maila osoan golik gehin jaso duten taldea dira, 44 guztira. Horregatik, “defentsako lana hobetzea” da aurrera begirako lanetako bat. “Gol gutxiago jasotzen baditugu izango ditugu partiduak aurrera ateratzeko aukerak”, dio.

Aperribayk, gaztea bada ere, hainbat talde ezagutu ditu. Ezkurdin hasi zen. Ostean, Iurretakon eta Durangoko Kulturalean aritu da. “Entrenatzaileak bere konfiantza erakutsi zidan eta hori izan zen Zalduara etortzeko arrazoietako bat. Taldeko jokalari asko ezagutzen nituen. Egia esan, gustura nabil giro ona daukagu eta”, adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!