Arkaitz Ortuzar: “Munduko txapelketa irabaztea oso ondo etorri zait barne motibazio moduan”

Anboto 2016ko urr. 9a, 10:00

Erakusleiho batean mountainboard taula bat ikusi, eta bat-bateko maiteminaren modukoa izan zela dio Arkaitz Ortuzarrek (Zaldibar, 1978). Harrezkero joan diren 12 urteetan, hamaika abentura bizi izan dituzte elkarregaz Europan zehar. Azkenekoa izan da denetan pozgarriena; Serbian, ustekabean, munduko txapelketa irabazi zuten.

Mountainboard-ak modalitate bat baino gehiago du. Zertan datza zu aritu zinen boardercross-a?
Taldekako lasterketak dira. Goraguneak eta bestelako zailtasunak dituen zirkuitu batean lasterka aritzen gara.

Espero zenuen espezialitate horretan munduko txapeldun geratzea?
Ez, ez nuen espero txapeldun geratzea. Jendeagaz egotea, ondo pasatzea eta montainboarda praktikatzea ziren helburuak. Munduko txapelketan parte hartzen nuen lehenengo aldia izan zen. Gainera, egia esanda, kirola apur bat aparkatzen hasita nengoen. Bakarrik geratu naiz eta…  gehiago kostatzen da. Ezagutzen ditudan denak kanpotarrak dira.

Noiz ohartu zinen irabazteko benetako aukerak zenituela?
Hurrengo egunerako, finaletarako sailkatu nintzenean. Orduan ikusi nuen irabazteko aukera, lehenengoz. Ez nuen presiorik sentitzen, eta ilusio handia nuen.

Kirol hau apurka alde batera uzten ari zinela esan duzu. Munduko txapelketa irabaztea ustekabeko aupada bat izan da?
Bai, bai. Munduko txapelketa irabaztea oso ondo etorri zait barne motibazio moduan.

Orain, munduko txapelduna izanda, tronua defentzea egoikitzen zaizu!
Ahal bada, bai, ze dirua ere eduki behar da… gastuak ere baditu: joan-etorriak… Baina ahal  badut, joango naiz.

Kirol honetan babesleak lortzeko okerreko tokian jaio zara…
Bai. Materiala Venom markak ematen dit. Gainerako guztia, bidaiak eta abar, neure kontura. Kirol honek Estatu Batuetan du indarrik handiena eta, adibidez, Ingalaterran ere mugimendu handia dago. Elurretan ibiltzearen modukoa da, baina lur gainean. Adinekoak ere ikusi izan ditut kirol hau praktikatzen. Baina, zaletasun hori hona heltzeko urte batzuk falta dira.

Zelako harremana duzu beste kirolariekin? Lehiakortasun handia dago ala badago kirol minoritarioetan ematen den halako elkartasun bat?  
Tamalez, pike txikiak egoten dira, toki denetan moduan, baina, oro har, giro sanoa egoten da. Hamaika urte daramatzat mundu honetan, eta askok aspalditik ezagutzen dugu elkar.

Patinete bereziak darabiltzazue kirol honetan. Zelan deitzen dira?
Mountainboard-ak deitzen dira. Snowboard taula eta patinete normal baten arteko zerbait da. Patineteko erruberak dituen snowboard taula bat, jendeak ulertu dezan.

Zelan zaletu zinen kirol honetara?  
Elurretara snowboarda egitera joaten nintzen lehen. Behin, erakusleiho batean mountainboard tabla bat ikusi nuen. Lagun batzuek lurrezko zirkuitu bat eginda zeukaten bizikletan ibiltzeko, eta pentsatu nuen han probatzeko modukoa zela. Udarako alternatiba moduan hartu nuen hasieran; apurka mundu horretan gehiago sartu eta… orain gutxitan joaten naiz elurretara!

Non entrenatzen zara?
Atzerriko leku askotan zentroak daude. Horrelako tokietan afizioa sortzen da. Afizioa sortzeko aproposak dira. Lagun talde batek Elorrion egindako zirkuituan entrenatzen naiz ni. Baina utzitako lur zati bat da. Orain entresaka egin dute, eta asko hondatu da. Geuk egiten ditugu mantenu lanak, eta txukun mantentzeak lan handia eskatzen du. Denbora batez, zirkuitua Europan ere ezaguna izan zen: ondo eginda eta txukun zainduta zegoelako, eta dohainik zelako. Baina filosofoa horri eustea ez da erraza.

Patinetan abiadura handian jaisten zarete. Kirol arriskutsua izan daiteke?  
Muturreko kirol moduan ezagutzen da, baina ez du zertan arriskutsua izan. Nik 60 urteko jendea ikusia dut kirol hau praktikatzen. Edadeko jendea astiro-astiro elurretan eskiatzen ikustearen modukoa da, edonork egin dezake. Saltoak eta airean itzuliak egitea beste kontu bat da, baina txiri-txiri ibilita, ez da arriskutsua.

Urte dezente daramatzazu mundu honetan. Munduko txapelketan lehenengo aldia izan duzu, baina, bestela, makina bat txapelketatan parte hartuko zenuen.   
Bai, eta izena eman dudan txapelketa guztietan beti atera dut zerbait: Belgikan, Frantzian… free-stile txapelketa bat ere irabazi nuen. Orain bost bat urte izan zen.

Zergatik utzi zenuen free-stile modalitatea?   
Utzi, ez nuen utzi. Kontua da, apurka-apurka gorantz egin gura baduzu, gero eta salto handiagoak eta konplikatuagoak egin behar dituzula. Zure burua hobetzeko erronkatzat hartzen baduzu, gero eta zirkuitu gehiago behar dituzu, eta, egia esan, hemen ez dago hori praktikatzeko salto handirik edo antzerakorik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!