Promesarik onenekin bihar hasiko dute Olazar txapelketa Zaldibarren

Anboto 2016ko ira. 21a, 09:30

Unai Laso, Aitor Elordi, Andoni Ugalde, Ander Imaz, Xabier Erostarbe, Asier Arteaga eta Dario Gomez. Iaz Zaldibarko pilota txapelketan parte hartu, eta harrezkero profesionaletan debutatu duten pilotariak dira. Ruben Salaverrik sanmateoetan emango du saltoa, eta dagoeneko iragarrita dago Jon Ander Peñaren eta Jon Erasunen debuta ere. Pilotari hauek guztiak Olazar frontoian jokatutakoak dira.

Aurten 29. aldia egingo duen txapelketa honetan promesa gazterik onenak batzen dituzte urtero, eta aurten ere beste hainbeste gertatuko da. Labekada bat joan da eta badator berria atzetik.

Bihar hasiko dute txapelketa, irailaren 22an. 16 bikote arituko dira binaka, eta 16 pilotari lau t’erdian. Binaka parekotasun handia ikusten du Zaldua Kirol Elkarteko pilota taldeko Enrike Agirrebeitiak: “Ezin daiteke faborito bat besteen gainetik bereizi”. Urretabizkaia-Garmendia, Errandonea-Olaizola, P.Labaka-Martinez… denak finalen bila aritzen diren pilotariak dira.

Hainbeste promesa gazteren artean, bigarren gaztaroan dabiltzanak ere aurkitu daitezke. Igor Azpiri da horietako bat. Aurrelari elorriarrak denboraldi gogoangarria darama. Kluben arteko Espainiako Txapelketa, Europako txapelketa, Federazioen artekoa eta Kopa irabazi ditu (azken biak Iñaki Larrinaga herrikideagaz). Iaz Olazarreko finalera heldu zen, hainbat urtez ateetan geratu ostean. Aurten, Sarasa atzelari duela, txapela janzten saiatuko da.

Lau t’erdiko txapelketa binakakoaren osagarri lez sortu zuten sasoi batean, baina azken hiru urteetan binakakoagaz parekatu da parte hartzen duten pilotarien kalitateagatik: Alberdi, Egiguren, Espinal, Etxebarria… dira aurtengo izenetako batzuk.

Partiduak eguenetan jokatuko dituzte, 21:30ean. Finalak, ohi moduan, Gabon Zaharretan izango dira. Bihar Dorronsoro-Legarreta Arabako bikoteak Aurtenetxe lezamarra eta Bolinaga arrasatearra izango ditu aurkari. Lau t’erdian Riolek eta Adonisek neurtuko dituzte indarrak.

2017an urteurren bi
Datorren urtea berezia izango da txapelketarentzat. Zenbaki borobil bitara helduko dira. Txapelketak berak 30. aldia egingo du, eta berau antolatzen duen taldeak 40 urte beteko ditu. Urteurrenak ospatzeko hainbat ideia darabiltzate buruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!