Javier Castrillo: "Gure helburua mailari eustea zen, eta begira non gauden, ilusioz gainezka"

Anboto 2016ko mai. 14a, 10:00

Maila Gorena amaitzeko jardunaldi bi falta dira, eta Zaldua igoera postuetan dago. San Pedro, Uritarra eta hiruren artean igoerako postu bi erabakiko dituzte. Gol bakoitzak urrearen balioa duen unean, Zaldibarko taldeak armarik baliotsuena dauka: mailako golegile nagusia, Javier Castrillo Sampedro. Gaztetan hamaika taldetan aritu ostean, azken urteetan etxeko taldean egonkortu da.

23 urte zenituenerako, makina bat taldetatik igaro zinen.
Zalduan hasi, baina oso txikitan, haur-kategorian edo lehenago, Eibar taldera batu nintzen. Zortzi urte eman nituen han. Nagusietako lehenengo urtean Lemoak deitu zidan, eta aurredenboraldia eurekin egin nuen, Bigarren B Mailan. Urruneko talde batera utzita joan baino, nahiago izan nuen Berrizera batu, Ohorezko Mailan. Urtebete egin nuen han. Ostean, Hirugarren Mailarako saltoa eman nuen. Lehenengo, Soriako Norma taldeagaz urtebete. Ondoren, denboraldi berean, Durangoko Kulturaletik Elgoibarrera eta Galdakaora —Ohorezko Mailan— joan nintzen, urte birako. Bai, buelta batzuk eman ditut.

Egonkortasuna etxean aurkitu duzu.
Zalduan seigarren denboraldia dut aurtengoa. Egonkortuta nagoela uste dut. Taldeko kapitaina ere banaiz. Pozik nago etxeko klubean.

Urte batzuetan Lehenengo Erregionaletik Maila Gorenera saltoka ibili ostean, hirugarren urtea daramazue maila honetan. Baina, hain goian ibiltzea uste zenuten?
Aurten bagenekien talde hobea geneukala. Baina, gero, sekula ez da jakiten. Urrian eta azaroan, hilabete eta erdian, partidurik irabazi barik egon ginen; berdinketa bat eta bost porrot. Une horietan dudak sortzen dira: “Mailari eustera bideratu beharko ditugu indarrak”, pentsatzen genuen. Baina, ondoren,  20 partidutan bakarra galduta, bolada ezin hobean ibili ginen. Orduan, apurka-apurka, partiduak irabazi ahala, sinesten hasi ginen.

Joan zen asteburuan Zalduak bana berdindu zuen etxean, San Juanen kontra. Jokatu ezin izan zenuen partidua.
Taldean hiru lehengusu gaude (lehen edo bigarren lehengusuak), eta ezkondu aurreko agurra izan genuen hirurok, Zaragozan. Orain hiru hiletik abisatuta zegoen zerbait zen.

Jardunaldi horretako albiste on bat da Gurutzeta igotzeko aukerarik barik geratu zela. Eta asteburuan han jokatuko duzue.
Ugeraga liderrak Gurutzetari irabaztea guretzat oso garrantzitsua zela bagenekien. Esperantza hori gauzatu egin zen. Izan ere, Gurutzetako zelaia txikia da, eurak jokalari garaiak dira… Zelai konplikatua da, eta eurek jokoan ezer ez badute, errazagoa izan daiteke. Baina, badakizu, baloia borobila da…

Oso motibatuta baldin badaude, beste zerbaiten seinale izan daiteke...
Bai, egia esanda, azken bi-hiru jardunaldietan gauza arraroak gertatu ohi dira (barreak). Baina guk geurea egin behar dugu. Guk baino motibazio gehiago ez du inork izango. Irabazita ere, igoera han lortzea gatxa izango da, nire ustez Uritarrak taldeak irabazi egingo duelako (Baskonia B 10. sailkatuaren kontra jokatuko du). Igoera lortzekotan, etxean lortu beharko dugu, azken jardunaldian.

Zalduak sekula ez du Ohorezko Mailan jokatu. Klubaren ibilbidean historia egiteko zorian zaudete.
Ni etorri nintzenean Zaldua lehen eta bigarren erregionalaren artean saltoka zebilen. Orduan, goragoko kategorian egondako bost bat jokalari etorri ginen, eta igotzea lortu genuen. Lorpen itzela izan zen guretzat, zaleentzat eta herriarentzat. Beraz, imajinatu orain bizitzen ari garena. Ikaragarria da.

Zaleek zer esaten dizuete? Igoera lortu behar duzuela? Onean esanda ere, presio hori hor dago.
Aspalditik esaten digute, bai. Baina gu ez gara presionatuta sentitzen. Hau da, guk ez dugu galtzeko ezer. Gure helburua mailari eustea zen, eta begiratu non gauden, ilusioz gainezka.

Zelan Unai Letona entrenatzaileagaz?
Oso ondo. Jokamolde argia du: goian presionatu, baloiaren jabetzari eutsi, eta behetik jokatzea. Zalduan bagaude beterano batzuk, eta gure artean komentatu izan dugu ze garrantzitsua den ideia definitu eta argi bategaz aritzea. Kanpoan denetariko esperientziak izan ditugu. Batzuetan, ez genekien ondo zertara jokatzen genuen, beti baloiak aurrera jaurtiz. Halakoetan, futbol gutxi. Hona etorri eta horrelako proposamen bat izatea eskertzekoa da. Etxera gustura zoaz sarritan. Ez da 1-0 begirako planteamendua; partiduetan gola sartzeko hainbat aukera sortzen ditugu sarritan.

Eta gol horietatik 22 zeureak dira. Taldeko eta mailako pitxitxia zara.
Gustura nabil. Unaigaz (Letona) puntaerdi aritu izan naiz, baina, aurten, aurrelari nabil. Lesio batzuk ere izan ditut. Lehen zatian bost bider eskatu behar izan dut aldaketa: kolpeak, orkatila, muskulu abduktorea… Gehienak lehen itzulian.

Borja lehengusu eta taldekideak 13 gol sartu ditu. Bien artean taldeko golen ia %60 sartu dituzue.
Aspalditik jokatzen dugu elkarregaz, eta ondo konpontzen gara zelaian. Aurrelari bigaz jokatzen dugu, eta normala da golik gehien geuk sartzea. Buruz buru hobea da bera, eta bizkorra. Golari begira, ni gehiago nabarmentzen naiz beharbada.

Zaldua Bk mailari eutsi dio joan zen asteburuan irabazita. Albiste ona klubarentzat.
Denontzat da garrantzitsua. Lehenengo taldeak beheragokoetatik elikatu behar du. Beraz, lorpen inportantea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!