"Ez dut arazorik askori giltzak uzteko; bigarren etxea dute batzuek"

Anboto 2016ko mai. 3a, 09:03

Bederatzi urte dira U2 Taska hartu zuela Enrike Zaldibarrek, ‘Pekek’. “Oso lagunarteko” taberna dela dio, eta “liburu bat osatzeko beste pasarte” dituela. Neurrira egokitutako eszenatokian, hainbat taldek jo dute ‘famatu’ egin diren ‘karrilleren’ trukean.

U2 taldearen jarraitzaile zara zu ere?
Ez, ez zait gustatzen. Tabernaren izena Eusebiren kontua da. Mañarira etorri nintzenean ez nuen ezagutzen, baina, taberna Eusebigatik da ezaguna. Dena den, ez nuke inoiz aldatuko. Eusebirekiko errespetuagatik, eta bestela ere ez. Bereziak dira izena eta taberna.

Mañaria adopzio herria duzu. Nolakoak dira mañariarrak?
Kasualitatez etorri nintzen Mañarira. Denbora batera, taberna zeramatenek utziko zutela-eta hartzea erabaki nuen, eta oso ondo! Herria itzela da. Aurreneko egunetik ikusi nuen ondo moldatuko nintzela eta hala izan da. Ni eta Fito, dudan langilea, ederto hartu gaituzte.

Mañarian badago halako tabernan elkartzeko ohitura...
Bai. Askotan, taberna atzealdeko txokoan sartu eta irten ere ez dira egiten! Futbol partiduak ikusteko batzen gara; edo internet bidez, mugikorragaz, gustuko duten musika jartzen dute batzuek. Gazteek erabiltzen dituzten lokal horietako bat da.

Denetariko itxura duen jendea batzen da U2 Taskan, ezta?
Denetarik dago, bai. Zapatu eta domeka goizetan, dantzan jartzen ditu adineko guztiak Fitok, Bilbainadak eta Abba taldearen musika jarrita. Inoiz egon naiz, eta harrituta geratu naiz (barrez). 18 urteko gazteak edo, taberna itxi ez, eta gaupasa egin duten hiru egon daitezke.

Athleticzalea ere bazara, ezta?
Gustatzen zait. Piratak ‘peña’ren sail baten egoitza ere bada U2. Pare bat sarrera izaten ditugu. Baina gurago dut partiduak tabernan ikusi.

Andramaritan izan zenuten istripuren bat, ezta?
Bartzelonari superkopako partidua irabazita, txanpanagaz ospatu genuen, eta, bapatean, argirik gabe geratu ginen. Kostatu zitzaigun ohartzea entxufe bat busti zela! Bideoan grabatuta dago, dibertigarria izan zen.

Halako pasarte asko dituzu?
Asko! Liburu bat osatzeko beste (barrez).

Asko batzen zarete Athleticen partiduak ikusteko?
Bai, denetarik batzen gara. Durangotik ere etortzen dira. Kozinatzea gustuko dut, eta askotan zerbait prestatzen dut. Partiduaren arabera, badaezpada, trabatik kentzen ditut gauzak.

Durangotik datoz asko?
Garagardoa edatera datoz, oso garagardo ona dugu-eta. Ohikoa ez den gariduna ere zerbitzatzen dugu. Tabernan sartu, eta inoiz esan didate Cruzcampo ikusi duten amesgaiztoa izan dutela (barrez).

Taberna ere dekoratu dizute batzuek...
Bai. Tabernan ditudan marrazkiak eurek egin dituzte. Nik eurei janaria prestatu, eta beste parranda baterako aitzakia izan zen. Oso lagunartekoa da taberna, egia esan. Ez dut arazorik askori giltzak uzteko; bigarren etxea dute batzuek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!