Salaberria lau t’erdian eta Urbieta-Martija binaka, Olazarreko finalera sailkatu dira

Anboto 2015eko abenduaren 18a

Atzo Olazar pilota txapelketako bigarren finalerdiak jokatu zituzten Zaldibarren. Finalak abenduaren 31n jokatuko dituzte.

Lau t’erdian Salaberria Aranguren baino gehiago izan zen: 22-12. Partidu erdira arte lehia orekatua mantendu zuten. Salaberriak aldea zabaltzen zuenero Arangurenek erreakzionatu egiten zuen: 7-2 / 7-7/ 12-7 / 12-12. Baina une horretatik aurrera partidua erabat aldatu zen eta Salaberria zuzenean joan zen 22ra.

Binaka emozio handiko finalerdia jokatu zuten  Urbieta-Martijak eta Arteaga-Erasunek: 22-21. Lan erdietara lau tantoko aldearekin heldu ziren irabazleak (12-8), baina orduan Arteagak eta Erasunek tanto ilara luzea egin zuten: 13-17. Hurrengo tantoetan abantailari eustea lortu zuten: 17-20. Partidua azken txanpan zegoenez, aldea nahikoa izan zitekeela zirudien, baina ez zen horrela izan. Urbietak eta Martijak partiduari buelta ematea lortu zuten Olazarrerako finalera sailkatzeko.

Finalak abenduaren 31n, 16:30ean, jokatuko dituzte Zaldibarko pilotalekuan. Lau t’erdian Zubizarreta eta Salaberria lehiatuko dira. Binakako txapela irabazteko lehian elorriar bat ariko da: Igor Azpiri. Olaizolak eta biek Urbieta eta Martija izango dituzte kontrario.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!