Igor Azpirik Olazar pilota txapelketako finala jokatuko du

Anboto 2015ko abe. 11a, 13:25

Olaizola eta biak Olazar txapelketako finalerako sailkatu ziren atzo. Finalerdietako partiduan 22-18 menderatu zituzten Errandonea eta Martinez.

Finalerdi oso parekatua jokatu zuten atzo Zaldibarko pilotalekuan. Berdinketa asko izan ziren partiduan zehar (5-5, 7-7, 16-16). 18nako berdinketaren ostean, Azpiri eta Olaizola zuzenean  joan ziren 22ra azken txanpa inspiratu baten batekin. Horrela, Azpiri elorriarrak bere ibilbidean lehenengo bider jokatuko du Olazar txapelketako finala, hainbat bider ateetan geratu ostean.

Lau t’erdian Zubizarreta sailkatu zen finalerako Egiguren 22-11 menderatu ostean. Emozio handirik gabeko finalerdia jokatu zuten. Zubizarretak hasieratik alde handia hartu zuen (13-4) eta alde horri eutsi zion.

Datorren eguenean bigarren finalerdiak

Datorren eguenean, hilaren 17an, bigarren finalerdiak jokatuko dituzte. Aranguren eta Salaberria promesen arteko 4 t’erdiko lehia ikusteko aukera egongo da, besteak beste. Iluntzeko 21:30ean hasiko da pilota jaialdia.

15 eta 16 urte dituzte Arangurenek eta Salaberriak, hurrenez hurren. Oso gazteak dira oraindik, baina afizionatu mailan lekua hartzen dabiltza. Arangurenen maila nabarmendu du Enrike Agirrebeitiak, txapelketako antolatzailetako batek: “Hain gazterik ezagutu dudan afizionaturik onena da”. Aginagakoa (Gipuzkoa) da, eta, aurten, Zornotzako masterra irabazi du, adibidez.

Edozelan ere, lehia “oso estua” aurreikusten du Agirrebeitiak. Gogoratu du, elkarren aurka duela hiru bat hile jokatu zutela azkenengoz, eta, orduan, 22-21 irabazi zuela Arangurenek.

Binaka ere, parean

Binakako finalerdia ere parean ikusten du Agirrebeitiak, %50eko aukeragaz bikote bakoitzarentzat. Urbieta-Martija eta Arteaga-Erasun ibiliko dira aurrez aurre. Urbieta aurrelari beteranoak joko segurua lantzen du, baina beste aldean, Erasun atzelariak eragin handiagoa eduki dezake tantoak agintzerako orduan.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!