Azaroak 25

Toti Martinez de Lezea: "Emakumea historiatik desagertuta egon da beti"

Anboto 2015ko aza. 24a, 09:41

Euskal emakumeek historian edukitako paperaz berba egingo du Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949) Zaldibarren, hilaren 25ean, 17:30ean.  Helmuga taldearen eskutik dator.

 

Historian emakumeek egindako ekarpena ezagutzeko balio izan dizute idazlanek?
Baietz esango nuke. Emakumea historiatik desagertuta egon da beti, ez bakarrik euskalduna. Erregeak, borrokalariak... guztiak gizonak izan dira. Normalean, historiari buruz berba egiten denean, gizonen inguruan izaten da. Gizonek egin dute historia idatzia; historia, gizonen istorio bat da. Emakumeek ez dute loturarik eduki botereagaz. Baina, adibidez, nork transmititu du euskara? Amek. Aitak ez zeuden etxean, eta zelan egingo zuten, bada, berba umeekin? Euskal emakumeak tradizioa, hizkuntza edota siniskerak transmititu ditu, eta hor dago bere boterea, ez agintariekin.

Saiakera berezia egin al duzu emakumeak agertzeko?
Berdin jokatu dut emakumeak eta gizonak agertzeko. Jakina, emakumea naiz, eta ondo ezagutzen ditut emakumeak. Amodioa, sufrimendua, erditzea..., pertsonaia horiek indartsuak izan ohi dira, hobeto ezagutzen ditudalako. Gauza asko dago argitara ateratzeko; emakume bakoitza istorio bat da.

Literaturak lagundu al dezake emakumeenganako indarkeriari aurre egiten?
Ez dakit. Batez ere, indarkeria hori sufritu duten emakumeei lagundu ahal diela uste dut. Baina, ez dut uste literatura gauzak aldatzeko hain garrantzitsua denik, hori gizarteak aldatu behar duelakoan nago.

Zer kontatuko diezu Zaldibarko herritarrei?
Euskal Herrian mendetan zehar egondako andren inguruko istorio bat kontatuko diet.  Emakume on eta txarrak; zortedunak eta zorterik bakoak; boteretsuak eta botere bakoak; ausartak eta koldarrak... Era guztietako emakumeez berba egingo dut. Edozelan ere, nire berbaldietan, etortzen den jendearen arabera, inprobisatu ere egiten dut. Non hasten da euskal emakumea? Ez daki inork. Pentsa, inork ez daki nondik datorren euskal gizona, bada, oraindik eta gutxiago emakumea nondik datorren, lehenago sortuko zen eta! [barrez]. Euskal matriarkatuaren ideia ez dator emakumearen indarretik, baizik eta Amari izeneko ama jainkosaren sinismenetik.

Baduzu liburu berririk esku artean? Durangoko Azokan ikusiko zaitugu?
Jakina bada!  Hemendik aste bira argitaratuko da. Isilpean gordea du izena, eta beldurraren ingurukoa izango da. Gure gurasoen belaunaldiaren beldurra kontatzen dut, pentsatzeko edo berba egiteko beldurra. Durangon egunero egongo naiz; izan ere, niretzat, euskara praktikatzeko barnetegi bat lakoa da!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!