Zalduak emakumeen futbol taldea berreskuratu gura du Zaldibarren

Anboto 2015ko aza. 12a, 11:27
Sasoi bateko Zaldua emakumeen taldeko argazkia.

Hamarkada bat joan da emakumeen Zaldua futbol taldea desagertu zenetik, eta, datorren denboraldira begira, berreskuratu egin gura dute. Eskaria nahikoa bada, kadeteetatik nagusietara arteko taldeak sortzea dute helburu.


Zaldua Kirol Elkartean futbol kontuei buruz arduratzen den adarrak abiatu du asmoa.  Iazko ekainean zuzendaritza berritu zuen, eta lan talde berriak emakumeen futbola sustatzeko erabaki sendoa hartu du.

Kadete, gazte eta nagusi mailako talde bana sortzea gustatutako litzaieke. Beraz, deialdia 2002an edo urte horren aurretik jaiotako emakumeei zuzenduta dago. “Badakigu hiru talde sortzea zaila izango dena, baina, lehenengo ahalegina dela kontuan hartuta, talde bat sortuko balitz pozik geundeke”, azaldu du Roberto Terroba klubeko zuzendaritza batzordeko kideak.

Zaldibarko emakumeei zein inguruko herrietakoei irekita dago deialdia. Interesa duenak ondoko helbide elektronikora idatzi dezake: infozaldua@gmail.com. Zaldua futbol taldeko webguneko (www.zalduafutboltaldea.org) foroan, emakumeen taldea sortzeari buruz iritzia emateko aukera ere eskaintzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!