Hile eta erdi iraun duten kanporaketen ostean, 24 pilotaririk onenek Olazar pilota txapelketako final laurdenak jokatuko dituzte, datozen asteetan. Binaka zein lau t’erdian, gaur egun afizionatuetan dauden gazterik onenetakoak elkarren kontra lehiatuko dira.
Datozen jardunaldietan Zaldibarren batuko diren pilotaririk gehienak Aspe edo Asegarceren orbitan daude. Aitor Elordi da saltoa emateko aukera duenetako bat. Gaur, 21:30ean, final laurdenetako partidua jokatu behar zuen, baina ezingo du jokatu. Tendinitis batek txapelketatik kanpora utzi du. Elordiren tokia Ugaldek hartu behar zuen, baina egun gutxitan partidu asko zituela eta ez da etorriko. Azkenean Peñak jokatuko du gaur. Bere bikotea Telletxea izango da. Telletxeak txapelketan jarraitzen ez duen Gorrotxategi ordezkatuko du. Beraz, programatuta zegoen bikoteak (Elordi-Gorrotxategi) ez du jokatuko. Euren ordez, Peña eta Telletxea ariko dira.
Biek Urbieta eta Martija izango dituzte aurkari. Martijak lesionatuta dagoen Sarasa ordezkatuko du. Hauek partidu bat irabazita egin dute final laurdenetarako bidea.
Binakakoaren aurretik, lau t’erdian final laurdena jokatuko dute Egigurenek eta Espinalek. Pilotari osoak dira biak, eta badituzte baliabideak, airez zein botera. Espinal da faborito.
Azaroaren 19an, Igor Azpiri elorriarraren txanda izango da. Imazegaz bikotea osatuz, Elezkano eta Bolinaga izango dituzte aurrez aurre. Azpirik bere ibilbideko bosgarren finalerdia jokatu gura du Olazarren.