Herriko tabernen eta Askapenaren kontrako auziak gaitzetsi dituzte EH Bilduk eta EAJk

Anboto 2015ko urr. 30a, 11:30

EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin onartu zituzten, atzoko ez-ohiko udalbatzarrean, aurrez udal batzordean adosturiko bi mozioak. Herriko tabernen eta Askapenaren kontrako auziak gaitzetsi dituzte, mozio horiek onartuta, EH Bilduk eta EAJk. Bere taldeak epaileen erabakiak errespetatzen dituela argudiatu, eta kontrako bozka eman zuen, aldiz, PSE-EEko Javier Tera zinegotziak.

Lehenengo mozioan, Euskal Herriko ehundik gora herriko tabernagaz batera Zaldibarko Castet elkartea ere bahitzea agindu duen 35/02 sumarioaren epaia kritikatzen dute EH Bilduk eta jeltzaleek. Bigarren idatzian, internazionalismoaren arloan 28 urtez lan egin duen Askapena elkartearen kontrako prozesu judiziala kritikatzen dute.

Herriko tabernen kontrakoa bezalako "makroepaiketa politikoekin amaitzeko" eskatzen dute EH Bilduk eta jeltzaleek, "egungo testuinguru politikoan lekurik ez" dutela argudiatuz. Elkartasuna agertu diete, bestalde, "kaltetuak suertatu diren Castet Elkarteko langileei eta kideei". "Castet libre eta zabalik" gura dutela adierazi dute. 35/02 Herriko Tabernak izeneko prozedura judiziala "berehala ixtea eta auziperatu guztiak absolbitzea" eskatu dute. "Politika egiteagatik, 104 herriko taberna konfiskatu eta hainbat laguni espetxe zigorra ezartzeak", egun bizi dugun egoera politikoan ondorio kaltegarriak dituela azpimarratu dute.   

Askapena elkartearen kontrako prozesu judiziala "eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoa" dela salatu dute atzoko udalbatzarrean EH Bilduren eta EAJren bozkekin onarturiko bigarren mozioan. Euren kontrako akusazioak "gutxieneko oinarri juridikoa falta" duelako, Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, Aritz Ganboa eta Dabid Soto Askapenako kide internazionalisten absoluzioa eskatu dute. Bestalde, "elkartasun internazionalista bultzatzeko lanean diharduten erakunde eta pertsona guztiei" babesa agertu diete Zaldibarko EH Bilduk eta EAJk.

Askapenaren kontrako auzibideak "18/98 sumarioaren eta Euskaldunon Egunkariaren sumarioaren garaiak" gogora dakartzala dio onarturiko mozioak. Prozesu horiek ez zirela sekula abiatu behar uste dute EH Bilduk eta EAJk, "oinarri juridiko penalik ez zegoelako, eta helburu politiko argia zutelako". Prozesu guzti horietan, talde terroristako kidetza edo kolaborazio kontzeptua "inolako frogarik barik" zabaldu dutela esaten da Zaldibarko Udalak onarturiko mozioan. Askapena zigortzeko "Espainiar fiskaltzaren erabakia Euskal Herriko gatazkaren konponbidean arduragabekeriaz ipinitako oztopoa dela" diote jeltzaleek eta EH Bilduk.

Batzordean adostua

Aurretik beste hainbatetan bezala, gai bi hauen inguruko alderdiaren irakurketa politikoa egiten zuen idatzi bana aurkeztu zuten EH Bilduk eta EAJk, Ongizate Batzordera. Kasu honetan, baina, azken legegintzaldian ez bezala, testu bat adosteko borondatea agertu dute zinegotziek. Horrela azaldu du Arantza Baigorri Zaldibarko alkateak: "Lan egiteko prest dago jendea, eta prestutasuna agertu dugu elkarrekin ondo konpontzen saiatzeko: gai munizipaletatik apartekoak, Euskal Herriari bere osotasunean eragiten diotenak landu gura ditugu udaletxean, normaltasun osoz". Baigorriren berbetan, "lehen ere EH Bilduren eta EAJren hainbat mozio politikoren artean ez zegoen hainbesteko desberdintasunik, baina oraingoan ikusi dena da, borondateagaz hel gaitezkeela adostasunetara".   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!