Herriko tabernen auzian dagoen Castet elkarteari elkartasuna helarazi dio Udalak

Anboto 2013ko urr. 31a, 08:58

Castet elkarteak aurkezturiko mozioa udalbatzarraren gai-ordenan sartzearen alde aho batez bozkatu zuten udaleko hiru alderdiek. Mozioaren alde egin zuten Bilduko sei zinegotziek, kontra bozkatu zuten PPk eta PSEk, eta abstenitu egin zen EAJ. Bilduren gehiengoagaz, beraz, onartu egin dute Zaldibarko Udalak Castet elkarteari elkartasuna adieraztea.

Herriko tabernei ETA finantzatzea egozten dien 35/02 sumarioan oinarrituta, urriaren 17an Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den epaiketan, 110 Herriko taberna epaituko dituzte. Erantzule zibil izatea egozten diete akusatuei, tartean, Zaldibarko Herriko taberna kudeatzen duen Castet Elkarteari. Atzo onarturiko mozioak azaltzen duenez, "makroepaiketa horretara joan beharko du deklaratzera egun Castet Elkarteko lehendakaria den Eneritz Azpitartek".

Udaleko idazkariak mozioa irakurri eta alderdiek euren bozka eman ostean, elkarteko kide batek hartu zuen berba: eskerrak eman zituen lehenengo, gaia udalbatzarrean eztabaidatzea aho batez onartu zutelako ordezkari politikoek. "Ez da ekonomilaria izan behar jakiteko Herriko tabernek ez dutela sekula ETA finantzatu, nahikoa dutela bizirauteagaz", azpimarratu zuen elkarteko kideak. Sumarioan Zaldibarko Castet Elkartearen kontra ez dagoela ezelako akusazio konkreturik, sumarioa "inkongruentziaz betea dagoela, eta epaiketa injustua" dela azpimarratu zuen.

Castet elkateak proposaturiko mozioa onartuz, bertan jasotako honako hiru puntuok onartu ditu, Zaldibarko Udalak: "Espainiako Gobernuari eskatzea instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxibatzeko eta etsaiaren zigor zuzenbidea desagerrarazteko behar diren neurriak hartzea"; "Castet Elkarteari eta Eneritz Arpitarte lehendakariari elkartasuna eta laguntasuna helaraztea"; eta "Epaiketa politiko hau salatzeko herri zein nazio mailan deituko diren mobilizazioetan parte hartzea".

Duela 21 urte sortu zuten Zaldibarko Castet elkartea, eta atzo udalean onartu zuten idatzian azpimarratzen duenez, "orain arte zaldibartar askoren topalekua izan da eta ekarpen ugari egin dizkio herriari; bazkari, afari, bertso jaialdi, berbaldi... ekitaldi ugari egin dira bertan, eta nahi edo behar izan duenarentzat ateak zabalik izan ditu elkarteak".

 

Herrira-ren kontrako operazioari buruzko mozioa

Bigarren mozio bat ere eztabaidagai izan zuten, atzoko udalbatzarrean. Bilduko sei ordezkarien aldeko bozkagaz onartu zuten duela hilabeteko Herrira plataformaren kontrako operazioa kritikatzeko idatzia. Castet Elkarteak aurkezturiko mozioaren kasuan bezala, kontra bozkatu zuten PPk eta PSEk, eta abstenitu egin zen EAJ. Bilduren aldeko bozkekin onarturiko mozioak, besteak beste, "udaletxe honek PPren Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren estrategia politiko-judizial partekatua salatzen du, 'dena ETA da' tesia aktibatzeagatik", adierazten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!