Nondik datorkizu kantuzaletasuna? Etxean zaleak dira?
Betidanik kantatu izan dut etxean, eta orain urte batzuk, aitak brometan proposatu zidan kantu lehiaketa batera aurkeztea. Horrela aurkeztu nintzen, lehenengoz, kantu txapelketara.
Eta zelako emaitza izan zenuen lehenengo horretan?
Orain bi urte aurkeztu nintzen lehenengoz, eta bigarren egin nuen. Aurtengo ekainean, bigarren aldiz aurkeztu, eta Bizkaiko lehenengo eta Euskal Herriko bigarren egin dut. Ilusio handia egin didate sariek.
Asmoa daukazu aurrerantzean ere parte hartzeko?
Bai. Gainera, datorren urtekoa izango da kategoria honetan parte hartu ahal izango dudan azkena. Gero, 12-15 adin tartekoekin aritu beharko dut.
Hartu diozu txapelketari martxa? Zer dauka polita?
Euskal kantak ezagutu eta kantatzeko aukera. Gainera, ekaineko finalean neuk sortutako kanta aurkeztu ahal izan nuen.
Euskal kanta tradizionalak kantatzeaz aparte, zeure kantak ere sortzen dituzu, beraz?
Bai, baina ez pentsatu, bakarra egin dut momentuz... Ez zaitut ahaztu izena dauka kantak, eta nire osabari egindakoa da; osabari gustatzen zitzaizkion gauzen ingurukoa da. Cris Etxepare gasteiztarrak sorturikoa da kantu horren musika.
Beste kantaren bat sortzeko ideiarik ez duzu izan?
Egia esan, momentuz ez. Saiatu izan naiz, baina apur bat aspergarria egiten zait batzuetan...
Zapatuan, Zaldibarko Kultur Arteko jaialdian kantatu zenuen. Zer moduz joan zen?
Oso polita izan zen. Xalbadorren heriotza, Negua joan da ta eta Ilargian kantak abestu nituen.
Bestela baino urduriago ipintzen zara Zaldibarren kantatu behar duzunean?
Ez beste batzuetan baino gehiago: emanaldi guztien aurretik ipintzen naiz urduri. Urduritasunak, baina, ahaztu egiten ditut kantatzen hasten naizenean.
Urriaren 25ean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian ariko zara. Zelakoa izango da emanaldi hori?
Haur Kantari txapelketaren lagin bat erakutsiko dugu hainbat parte-hartzailek, baina lehiaketatik kanpo ariko gara.
Zer lekutan gustatuko litzaizuke emanaldia eskaintzea?
Arriaga antzokian eta Euskalduna jauregian, esate baterako.
Zure lagunekin eta eskolakideekin kantuan ibiltzen zara?
Lagun gehienei neu kantatzen entzutea gustatzen zaie, eurek kantatzea baino gehiago. Baina, badaukat lagun bat, Lidia izenekoa, ondo kantatzen duena. Batzuetan, elkarregaz kantatzen ibiltzen gara biok, jolasten dugun bitartean.
Zer gustatzen zaizu entzutea?
Musika modernoa gustatzen zait, dantzagarria bada, hobeto. Ricky Martinena, Shakirarena, edo baita Zea Mays, Ken 7 edo Gatibu taldeena ere.
Sanfilippo sindromea duten umeei eskainiriko bideoklipean, kantuanZaldibar eta Iurreta artean bizi da Ainhoa Azpitarte, amagaz, aitagaz eta ahizpagaz. Duela urte gutxira arte, Zaldibarren bizi izan dira, eta gaur egun, Iurretan bizi arren, Zaldibarko eskolan jarraitzen du Ainhoak. Herri horretan ipini du beragaz eta Amaia Elgea bere amagaz solasaldia egiteko hitzordua ANBOTOk. Alabaren kantuzaletasunaren adibidea eman du Amaia amak: “Egun osoa ematen du kantuan: sarritan, gaueko hamarrak direla-eta, geratzeko eskatu behar izaten diogu”, dio amak, barrez. Haur Kantu txapelketan ezezik, Telecinco telebista kateko La Voz Kids programan ere sartzen saiatu da Ainhoa Azpitarte: “Bilboko castingean ez nuen aurrera egin, baina esperientzia polita izan zen”, dio hamaika urteko neskatoak. Amak, horrelako “gauza hain mediatikoan” parte hartzeak zalantza gehiago sortu zizkiela onartu du, baina “esperientzia bat gehiago bezala hartu dugu”. Orain arte bezala, kantuan ondo pasa dezala, gozatu dezala, da gurasoen ardura nagusia, amaren berbetan. Biolinak ahots-korda |