Denek jokatu gura duten Olazar txapelketa eguenean hasiko da

Anboto 2015ko ira. 15a, 09:30

Beste behin, Olazar pilota txapelketak afizionatu mailako pilotaririk onenak ekarriko ditu Zaldibarko pilotalekura. Denek jokatu gura duten txapelketa da. Antolatzaileen lanik handiena ez da multzoak osatzeko adina pilotari batzea, justu kontrakoa baizik: parte hartu gura dutenen artean aukeraketa egitea. Horretan, Mallabiko Biharko Izarrak txapelketaren antza du. Dudarik barik, Durangaldeko pilota txapelketarik garrantzitsuenak dira, eta Euskal Herriko onenetakoak.


Olazar txapelketak duen maila neurtzeko, parte-hartzaileei erreparatzea besterik ez dago. Iaz, esaterako, Jokin Altuna eta Iker Irribarri aurrelariak, eta Aitor Irusta atzelaria aritu ziren Zaldibarko txapelketan, eta aurten profesionaletan ari dira.

Txapelketa lau t’erdian eta binaka jokatuko dute, kanporaketa sistemaren bidez; 16 pilotari lehenengoan, eta 16 bikote bigarrenean. Durangaldeak hiru ordezkari izango ditu binaka: Igor Azpiri elorriarrak Ander Imazegaz jokatuko du; Aitor Elordi mallabiarrak Aitor Gorrotxategigaz, eta Gorka Otaduy berriztarrak Unai Albaradogaz. Otaduyk estreinako urtea du txapelketan, eta Elordi bigarrenez arituko da. Igor Azpirik, aldiz, askotan parte hartu du, eta lau finalerditara heltzea lortu du.

Zaldua kirol elkartea da txapelketaren antolatzailea. Bikoteak osatzerako orduan, gazteak esperientzia gehiagoko pilotariekin elkartzen saiatu dira.

Eguenean lehen jardunaldia
Txapelketako kanporaketak eguenero, 21:30ean, jokatuko dituzte. Lehenengo jardunaldia irailaren 17an jokatuko dute. Binaka, Otaduyk eta Albaradok Lezamako Aurtenetxe-Bilbao bikotearen kontra jokatuko dute. Lau t’erdian, Zubizarreta ataundarrak eta Albizu markinarrak neurtuko dituzte indarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!