Zaldibarko jaiak 2015

Zaldua mendi taldearen txupinazoagaz abiatuko dituzte gaur jaiak

Anboto 2015ko uzt. 2a, 12:42

Zaldua mendi taldeak jaurtitako txupinazoagaz, hasiko dira gaur Zaldibarko jaiak, 19:00etan. Taldean urte asko daramatzan eta mendi taldeko balioak ezin hobeto islatzen dituen Alfonso Mirandak piztuko du txupina. Jaiei hasiera emateaz gain, jaiak amaitu eta hurrengo asteburuan urtero antolatzen duen mendi irteera prestatu du Zaldua mendi taldeak: uztailaren 11n Zaldibar inguruko gailurrak bisitatuko dituzte.


Urte askotako ibilbidearen ostean, herrian errotuta dagoen mendi taldea da Zaldua. Hasiera-hasieran, Zaldibarko koral elkarteak gidatu zuen, baina, 1973an, Zaldua kirol elkartea sortu zuten, eta handik gutxira egitura berri hartako atal bat izatera pasatu zen mendi taldea. Saskibaloi, futbol eta pilota taldeekin batera, Zaldua kirol elkarteko lau adarretako bat da.

Gaur egun, 50 federatu inguru ditu, eta, “apur bat gehiago, apur bat gutxiago, kopuru horren bueltan” ibiltzen direla urtero adierazi du Migel Angel Gaztelurrutia mendi taldeko presidenteak. Hilean pare bat irteera egiten dituzte Euskal Herritik zein Errioxatik (Espainia): “Gu ez gara Pirinioetara eta antzeko gailur garaietara joaten. Gehiago gara inguruko basoetako ibilbideak egitekoak”. Herriko gazteak, aldiz, sarritan joaten zaizkie kranpoiak eta beste material batzuk eskatzera, Pirinioetara edo bestelako gailurretara joateko: “Gu helduagoak gara, eta gurago izaten dugu inguruan ibili. Gazteek gaztetasuna aprobetxatu behar dute. Gero ere izango dute hemendik ibiltzeko aukera”.

Zaldibarko mendi martxa
Zaldua mendi taldeak urtero martxa bat antolatzen du herriko jaien harira. Zaldibar inguruko gailurrak bisitatzeko aukera eskaintzen du: “Hemen inguruan ere badago zer ikusia. Erdella ingurutik Anbotoko mendizerra osoa ikusi daiteke. Oizera joaten garenetan, adibidez, Kantauri itsasoa ikusten da. Toki politak ditugu Durangaldean”.

Ibilbidea aldatzen saiatzen dira urtero, mendi martxa erakargarria izan dadin. Aurten, uztailaren 11n egingo dute, jaien hurrengo asteburuan. 08:00etan jarri dute hitzordua Zaldua plazan. Ibilbideak 25 kilometro izango ditu, eta Ermua gainean dagoen Egoarbitza (733 metro), Intxorta (743 metro), Erdella (682 metro) eta Elorrioko Argiñeta ingurutik eta Leaniz auzotik ibiliko dira, Miñotatik bueltan Zaldibarrera itzuli aurretik. Urtero herritar asko erakartzen dituen ibilbidea izaten da. Hiru ordu eta laurdenean kalkulatu dute aurreikuspenik azkarrena, eta sei ordu eta erdian geldoena, baina gehienak aurreikuspenik azkarrenaren bueltan ibiltzen dira: “Gaur egun, jendea eginda dago horrelako ibilbideetara. Martxistak izaten dira”.

Izen-ematea aurretik zein egunean bertan egin daiteke, lasterketa hasi aurretik. Bertan eginez gero, 5 euro da bazkideentzat eta 8 bazkide ez direnentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!