Zaldibarko jaiak 2015

Gaur hasiko dira Zaldibarko jaiak, eta egitaraua prest dute gazteek

Anboto 2015ko uzt. 2a, 10:10

Gaur iluntzean hasiko dituzten jaietarako prestatu duten egitaraua bideo honen bitartez aurkeztu dute Zaldibarko txosnagunekoek.

Jai giroa herriaren erdigunera, kalera eta plazara, ekartzeko helburuagaz antolaturiko egitaraua abiatuko dute gaur, Zaldibarren. Jaien hasiera iragartzen duen Donien Atxa ipiniko dute herritarrek 18:30ean, eta Zaldua mendi elkartekoek txapligua jaurtitzeagaz batera ekingo diote udako jaiak ospatzeari.

Jaien lehenengo egunerako, musika eta jan-edana izango dituzte, besteak beste: Koral elkarteko trikitilariek eta herri batukadakoek ipiniko dute afalaurrean erritmoa, eta, Bekoetxe kalean eta txosnagunean odoloste-janean eta herri afarian elkartu ostean, Stai Zitto, Voncouver eta Pepe Botica taldeek eskainiko dute kontzertua.

Euskal Herria kalean

Datozen egunetan ere, Euskal Herria kalea izango da Zaldibarko jaien zentroa, egunez zein gauez. Bertan egingo dituzte, esaterako, parte-hartze handia izaten duen herri olinpiada eta kontzertu jendetsuak. Jaietako kalejirak ere kale horretan zehar ibiliko dira.

Bihar, 19:30ean hasita, Taberna Ibiltariak lagunduta egingo dute kantaldia, eta elektrotxaranga ere kalerik kale ibiliko da musika zabaltzen. Jaiek irauten duten egun gehienetan ibiliko dira hainbat estilotako bandak kalea girotzen: The Farra Marching Band eta Euskal Herriko trikitilari gazteak, adibidez.

Kontzertuetan, aukera asko eta anitzak

Zuzeneko musika eskaintza zabala eta plurala izango da, asteburu honetan, Zaldibarko jaietan. Txosnagunean, jairako eta dantza egiteko doinu aproposak izango dira. Bihar, uztailaren 3an, 22:30etik aurrera, adibidez, Hora 31, Skakeitan eta Las Tea Party taldeak ariko dira. Doinu elektronikoak, ska, reggae eta rock kantak eskainiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!