“Zaldibarko areto futbol maratoia lagunak batzeko modu bat da”

Anboto 2015ko eka. 24a, 12:43
Victor Maestro eta Roberto Terroba Zaldibarko areto futbol maratoiko antolatzaileak eta Zaldua futbol taldeko zuzendaritza berriko kideak dira

Udako areto futbol maratoiek arrakasta handia dute eskualdean. Berrizkoaren ostean, asteburu honetan, Zaldibarko maratoiaren txanda izango da. Bariku arratsaldean hasi eta datozen 48 orduetan, Zaldibarko kiroldegiak irekita izango ditu ateak etenik gabe. El rincón de Paula tabernan eman daiteke izena, eta bihar, eguena, izango da horretarako azken eguna.


Areto futbol maratoien arrakasta azaltzeko hainbat hipotesi dituzte Victor Maestro eta Roberto Terroba antolatzaileek. Talde irabazleak jasoko dituen 800 euroak amu erakargarria direla uste du Terrobak. Eguraldiak ere eragiten du Maestroren ustez: “Azaroan antolatuz gero, ez luke horrelako arrakastarik izango, baina udan jendea animatu egiten da batera zein bestera joaten”.

Iaz hamasei taldek eman zuten izena, eta aurten ere kopuru horren bueltan ibiltzea espero dute. Batzuk areto futbolean dabiltzan jokalariek osatutakoak dira. Horiek maratoiz maratoi ibiltzen dira, eta, Terrobaren esanetan, “irabazteko grina” sumatzen zaie. Beste talde asko ez dira hain “profesionalak”, eta lagunartean ondo pasatzea beste helbururik ez dute izaten.

Biek azpimarratu dute maratoietan sortzen den giroa. Talde bakoitzak bere lagunartea mugitzen du, eta sekula ez da jenderik falta harmailetan: “Iluntzean eta gauerditik aurrera ere giro itzela egoten da. Azken batean, areto futbol maratoia lagunak batzeko eta elkarrekin egoteko modu bat da”, dio Terrobak.

Zuzendaritza berria
Zaldua kirol elkarteak antolatu du maratoia. Joan zen asteburutik presidente berria du: Arkaitz Padilla. Era berean, elkartearen adarretako bat den futbol taldean zuzendaritza aldaketa gertatu da. Terroba eta Maestro zuzendaritza berriko kideak dira.

Aurreko lantaldeak azken aldian “erabaki desegoki batzuk” hartu dituela uste dute, eta horrek klubaren egoerari eragin dio. Ekonomikoki “uste baino zor handiagoa” du klubak, eta egoera horri buelta ematen saiatuko direla adierazi dute. Kanpora begirako lanari dagokionez, “klubak indarra galdu du herrian, eta ez du sasoi bateko erakarmenik; herriko jendeagaz berriro bat egin gura dugu”, dio Terrobak. Kirol arloa, ostera, “ondo” dagoela uste dute, eta momentuz ez dute aldaketarik aurreikusten: “Baditugu aurreragoko eginbeharrak”. Aurreko zuzendaritzarentzat ez da dena kritika izan: “Orain zortzi bat urte, gidaritza inork hartu gura ez eta taldea desagertzear zegoela, eurak sartu ziren, eta hori aintzatetsi beharra dago”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!