Izaroren kontzertuagaz hasiko da, ekainaren 11n, III. Gari Rock jaialdia

Anboto 2015ko eka. 9a, 10:00
Izaro Andres mallabiarrak eskainiko du kontzertua eguenean (argazkian, Berrizko gaztetxeko urteurrenean)

Izaro bakarlari mallabitarrak Sorgin tabernan eskainiko duen kontzertuagaz hasiko da, ekainaren 11n, III. Gari Rock Fest. Jaialdiko beste lau kontzertuak hartuko dituen gaztetxetik kanpo ere zuzeneko musika zabaltzeko helburuagaz antolatu dute lehenengo kontzertua Sorgin tabernan. 20:00etan hasiko da Izaroren emanaldia.

Iban Berasaluze Gari Rock elkarteko kideak azpimarratu du, aurreko bi urteetan bezala, Gari Rock Fest “rockzaleentzako eskaintza erakargarria” izatea gura dutela antolatzaileek. “Bereziki rockeroa da, gainera, aurtengo egitaraua”, azpimarratu du Berasaluzek: “Ekainaren 13an joko duen Los Brazos taldeko musikariek, esaterako, oso maila altuko rock-and-roll klasikoa egiten dute. Getxoztarrak diren arren, Euskal Herrian ez dira oso ezagunak, eta benetan uste dugu merezi duela entzutera etortzeak”. Osso bikotea ere ariko da, hilaren 13an, 23:00etatik aurrera, gaztetxean. Kokein eta Eraso! taldeetan ibilitako Haritz Leteren eta Sergio Ruizen taldea da Osso.

Gasteizko Freetangas taldeak eta Durangoko Mockers taldeak ere joko dute jaialdian. Teklatuak eta bateriak osatzen dute Freetangas bikotea, eta ekainaren 12an joko du Zaldibarren.

Ekainaren 13an, aurreko bi edizioetan egin duten bezala, bazkaritarako elkartuko dira, 14:30ean. Gari Rock elkarteko bazkideak eta nahi duten herritar guztiak daude bazkari horretara gonbidatuta. Hain zuzen, zapatuko bazkalostean joko dute Mockers taldeko gazte durangarrek, 17:00etatik aurrera, gaztetxean.

Osso eta Los Brazos taldeen kontzertuko sarreren salneurria 4 eurokoa da, baina gainerako emanaldi guztietako sarrerak doakoak izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!