Futbol igoerak 2015

Azken hamaika partiduak irabazita, Zaldua Bk igoera lortu du

Anboto 2015ko api. 27a, 12:34

Zaldua Bko jokalariak igoera ospatzen derbiaren amaieran. (Argazkia: Antonio Villanueva)

Zaldibarko Zaldua Bk Bigarren Erregionalean jokatuko du datorren denboraldian. Asteburuan Elorrio Bren kontrako derbia irabazita (1-2) lortu dute igoera.

Lehen zatian erabakigarria zirudien abantaila hartu zuten zaldibartarrek (0-2), baina partidua amaitzeko 20 minuturen faltan Elorriok aldea gutxitu zuen. Handik amaierara arteko ordu laurdena emozioz betetakoa izan zen. Loyola Indautxuk bere partidua irabazi zuenez, Zalduak derrigor behar zuen garaipena igo ahal izateko. Elorrio saiatu zen, baina Zalduak abantailari eutsi zion. Handik aurrera ospakizuna izan zen nagusi zelaian zein aldagelan.

Zaldua Bren aurtengo helburua “goialdean ibiltzea” zen Alex Martin entrenatzaile zaldibartarraren esanetan, baina ez espresuki igoera lortzea. Jokalari berri askogaz hasi zuten denboraldia eta hori nabaritu zuten lehen partiduetan. Lehenengo sei partiduetatik bakarra irabazi zuten eta hiru galdu zituzten. Baina taldeak aurrera egiteko konpromisoa erakutsi du Martinen berbetan: “Jokalariak entrenamenduetara etorri dira. Ohikoak izan dira 20 jokalariko entrenamenduak. Horrek taldea indartu eta nire lana erraztu du”. Zalduak behetik gorako bidea egin du aurten eta denboraldia maila harrigarrian  amaitu du; azkenengo 11 partiduak bata bestearen atzetik irabazi dituzte. Azkenean, Iberlanda liderraren atzetik bigarren tokian sailkatuta lortu dute igoera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!