Sergio Rodriguez: "Zezen izkingile moduan adarkada larririk ez dut izan momentuz"

Anboto 2015ko api. 12a, 10:00

Duela zortzi urte inguru sartu zitzaion izkingile edo errekortadore izateko sena Sergio Rodriguezi (Zaldibar, 1994), lagunak jaietako zezenak izkin egiten ikustean. Valladolid ei da ogibide horretan dihardutentzako tenplu garrantzitsuena, eta berak ere plaza hartan jardun gurako lukeela aitortu du.


Noiztik datorkizu izkingile izateko zaletasun hori?
14 urte ingurugaz hasi nintzen zezenei izkin egiten. Baina 16 bat urte izan arte ez nuen serio hartu. Udan Palenciako herri batera joaten naiz, eta, bertan, beste izkingile batzuk eta lagunak ikusten nituenean inbidia izaten nuen; horregatik, geroago, serio hartzen hasi nintzen izkingile izatearena.

Non entrenatzen zara?
Egia esan, izkingile izan nahi baduzu, Euskal Herrian nahiko zaila da entrenatzea. Ez dago leku askorik entrenatzeko, eta, horretaz gainera, eguraldiak ere ez du asko laguntzen. Hemen adarrak dituen gurditxoagaz entrenatzen naiz, baina, bestela, Madrilera, Osakara (Deba) eta Manzarbeitiara (Orozko) joaten naiz; normalean, Madrilen eta Valladoliden entrenatzen naiz.

Izkingile izan nahi duen gazte batek Durangaldean erraz al dauka kirol hau praktikatzeko?
Hemen zail dauka gazte horrek izkingile izateko, baina izkingile garen askok pasatu dugu egoera hori. Herrietako jaietako zezenetara joan beharko luke, edo, bestela, inguruko herrietan ateratzen diren bigantxetara.

Zer sentitzen da zezen batek zure gerria ukitzen duenean?
Hori ezin daiteke berbekin adierazi, norberak probatu behar du zer den jakiteko eta momentu horretan zelako sentsazioak izaten dituzun jakiteko.

Zer duzu nahiago, txapelketa batean parte hartu ala edozein herritako jaietan egoten diren zezenen aurrean izkin egin?
Desberdina da. Plaza batean zu bakarrik zaude zezenaren parean, beste izkingileak begira daudela; ez dago beste inor, plazan dauden  ikusleak besterik ez. Herrietako jaietako zezenetan jende gehiago egoten da, oso desberdina da.

Harrapatu zaitu noizbait zezen batek?
Bai, harrapatu izan nau noiz edo noiz. Egin didan gauzarik larriena hankan izan nuen tronbo bat izan da. Horretaz gainera, zauri eta golpe asko izan ditut, baina bat bera ere ez da larria izan. Adarkada larririk momentuz ez dut izan.

Posible da izkingile izatetik bizitzea?
Bai, posible da. Hemen ez, baina Zamoran eta Madrilen, izkingile batzuek 22.000 euro irabazten dituzte udan eta udaberrian. Euskal Herrian ez da horrenbeste ordaintzen, beraz, zailagoa da.

Zein txapelketetako edo jaietako zezenak dituzu gustukoen?
Iaz Arrasateko txapelketa irabazi nuen. Irabazi dudan lehenengo txapelketa izan zen; ez dakit horregatik den ala ez, baina Arrasatekoa dut gustukoen. Jaietako zezenei dagokienez, hemen inguruan, Azpeitikoak asko gustatzen zaizkit.

Zaletasun handia dago Euskal Herrian?
Bai, zaletasun handia dago Euskal Herrian, eta urtetik urtera zaletasuna handitzen doala nabari da. Zezenak direla-eta, Bizkaian Durango eta Bilbo dira ingururik ezagunenak. Gipuzkoan, ostera, herri askotan izaten dira zezenak, ia herri guztietan ez esatearren.

Nola ikusten duzu izkingileen etorkizuna?
Gero eta gehiago dira izkin egitea gustuko dutenak. Eta, gainera, jendea mugitu egiten da txapelketak ikustera, adibidez. Plaza batzuk, esaterako, sarrerarik gabe geratzen dira.

Zein da izkingile baten tenplua? Non gustatuko litzaizuke egunen batean zezenei izkin egitea?
Bilbon izkin egitea gustatuko litzaidake, baina, nire ustez, tenplua Valladolid da. Bertan jokatzen da izkin egite txapelketako finala, eta hor zezen bati izkin egin ahal izatea oso polita izango litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!