Urtero legez, pilotalekua bete egin zen finalak bertatik bertara jarraitu gura zituzten zaleekin. Lau t’erdiko finala jokatu zuten lehenengo, eta Bakaikoak 22-13 irabazi zion Elizalderi. Bakaikoa aurretik joan zen partidu osoan. Hala ere, partidu erdira arte final estua jokatu zuten. Baina markagailuan 9-8 zihoazela, Bakaikoak 11 tanto segidan egin zituen (20-8), eta finala erabakita geratu zen. Elizaldek markagailua txukundu zuen, baina ez zen nahikoa izan Bakaikoa estutzeko: 22-13.
Binakako finala askoz orekatuagoa izan zen: Agirrek eta Gorrotxategik 22-20 menderatu zituzten Santxo eta Erasun. Partidu erdira Santxo eta Erasun aurretik heldu ziren: 6-11. Orduan heldu zen irabazleen erreakzioa, eta markagailuari buelta eman zioten: 14-12 eta 20-15. Hala ere, azken unera arte emozioa izan zen nagusi.
Trinketeko finalak
Bestalde, joan zen domekan, Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatu zituzten Abadiñon. Nagusien Lehen Mailako finala Inhar Ugarterentzat izan zen; 40-29 menderatu zuen Asier Aspuru abadiñarra.
Nagusien Bigarren Mailako txapela Uribek jantzi zuen, gazte mailakoa Yurrebasok, eta kadeteetakoa Kamiruagak.