Zalbidarren San Silvestre lasterketagaz agurtuko dute urtea

Anboto 2014ko abenduaren 22a

Zaldutri triatloi taldeko kideak aurten lehiatu duten triatloietako batean.

Zaldibarko Zaldutri triatloi taldeak San Silvestre lasterketa herrikoia antolatu du lehenengoz. Abenduaren 31n izango da.

Zaldutri aurten Zaldibarren sortu den triatloi taldea da. Sei lagunek osatzen dute eta urtean zehar hainbat triatloietan aritu izan dira. Baina lasterketetan parte hartzeaz gainera, korrika egiteko zaletasuna sustatzea ere badute helburu. Horrela, abenduaren 31n, San Silvestre lasterketa herrikoia antolatuko dute Zaldibarren. Talde moduan antolatzen duten lehen ekimena izango da.

“Herrian badago korrika egiteko zaletasuna”, dio Jose Ignacio Letamendia ‘Leta’ Zaldutriko kideak: “Ezagutzen ditugu inguruko lasterketetara joaten diren zaldibartarrak zein Donostia-Behobia lako lasterketetara joaten direnak. Beraz, ‘zergatik ez herrian lasterketa bat antolatu?’ Pentsatu genuen. Udalagaz berba egin eta ados azaldu ziren”. Abenduaren 31ko lasterketa herrikoia izango da: “Korrika egiteko zaletasuna dutenen bilgunea izatea du helburu, korrika eginez lagunekin gozatzea, horregatik ez da sailkapenik izango”.

Lasterketa 17:00etan hasiko da Euskal Herria kaletik. 2,6 kilometroko zirkuitu bat diseinatu dute (Euskal Herria kalea, Solozabal industrigunea, futbol zelai zaharraren atzealdea, pilotalekua) eta parte hartzaileek itzuli bi emango dizkiote.

Izen-ematea 3 euro da 16 urtetik gorakoentzat eta euro bat 16 urtetik beherakoentzat. Izen-ematea Gure Leku tabernan egin daiteke, 16:00etatik 16:45era. Internet bidez apuntatzeko aukera ere badago: zaldutri@gmail.com emailaren bidez eta www.zaldutri.es webgunean (abenduaren 30eko 20:00 arte).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!