Olazar Pilota Txapelketako finalak erabakiko dituzte gaur, Zaldibarren

Anboto 2014ko abe. 18a, 09:10

Ander Errandonea da protagonistetako bat; 22 urtez azpiko Nafarroako txapelketako buruz buruko txapelduna da. Argazkia: Goiko.

Olazar Pilota Txapelketa azken txanpan sartu da. Abenduaren 31n, 16:30ean, Zaldibarko finaletan izango diren protagonista batzuk nortzuk diren erabakita dago: Elizalde lau t’erdian eta Santxo-Erasun bikotea binaka. Aurkariak nortzuk izango diren gaur jakingo da, 21:30etik aurrera. Finalerdi estuak aurreikusten dira.


Lau t’erdian Joanes Bakaiko eta Unai Laso nafarrek neurtuko dituzte indarrak; beste era batera esanda, gazte mailako Nafarroako gaur egungo lau t’erdiko txapelduna –Bakaikoa– eta azpitxapelduna –Laso– izango dira aurrez aurre. Bakaikoak bigarren urtez jarraian irabazi zuen txapela joan zen astean, Labriten jokatutako finalean (18-6). Pilotari biek 17 urte dituzte, eta sarritan erakutsi dute kaiolan abilak direla. Jokatzeko moduan ez dute antzik: Bakaikoa segurua da, eta pilota gutxi galtzen du; Laso erasokorragoa da, eta erritmo bizia ezartzen saiatzen da. Nafarroako finalean Bakaikoaren jokoa nagusitu zen.

Binaka Ander Errandoneak eta Aitor Irustak Asier Agirreren eta Aitor Diezen aurka jokatuko dute. Díez eskuko minagaz dabil, eta azken unera arte duda izango da. Agirre eta Díez dira finalera sailkatzeko faboritoak. Aurrean, Agirrek Errandoneak –Inaxio Errandonea pilotari ohiaren semea– baino esperientzia handiagoa du, urte bi gehiago dituelako. Batez ere, defentsa lanean igarri daiteke adinean dagoen alde hori. Jokatzeko moduan baldin badago, atzean Diezek nagusitu beharko luke.

Azpirik aurten ere ezin
Igor Azpiri elorriarra final laurdenetan kanporatuta geratu zen. Ander Imaz eta biek 22-7 galdu zuten finalera heldu diren Santxoren eta Erasunen aurka. Imazek erraztasunak eman zituen atzean, eta Azpiri ezinean aritu zen partidu osoan. Santxok eta Erasunek, aldiz, txapela janzteko hautagaiak zergatik diren erakutsi zuten; elkar oso ondo hartzen dute kantxan, eta pilota gutxi galtzen dute. Azpirik bere ibilbidean Olazarreko hiru finalerdi jokatu ditu, baina oraindik ez du lortu finalera sailkatzerik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!