Zaldibarren mendiko bizikleta martxa egingo dute domekan, plazatik abiatuta

Anboto 2014ko aza. 29a, 10:00

Iazko bizilketa martxako irudi bat. Argazkia: Lagun Artea bizikleta elkartea.

Lagun Artea bizikleta elkarteak Zaldibarko XIII. Mendiko Bizikleta Martxa antolatu du domekarako. Iazko aldiak 300 parte-hartzailetik gora batu zituen, nahiz eta euriak ibilbidea erabat lokaztu zuen. Aurten, urtero legez, izen-ematea doakoa izango da, eta egunean bertan eman daiteke izena, 09:00etatik aurrera, udaletxe pareko plazan.


Martxa 10:00etan hasiko da, plazan bertan. Ibilbide bi prestatu dituzte: 36 kilometroko (1.300 metro positibo) eta 22 kilometroko (850 metro positibo) bana.

Ibilbidea gorabeheratsua izango da: une batzuetan malda gogorrak daude, eta jarraian jaitsiera erakargarriak: “Urtero aldaketak egiten eta nobedadeak sartzen saiatzen gara, ibilbideari freskotasuna emateko”, adierazi du Ibai Telleria Lagun Artea taldeko kideak.

Jan-edana eta opariak
Mendi martxako ibilbidean zehar zein martxaren amaieran jan-edana egongo da parte-hartzaile guztientzat. Gura duenak mangerak eta dutxak eskuragarri izango ditu. Era berean, martxa amaitu ostean bizikletetarako askotariko materialak zotz egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!