Afizionaturik onenekin, bihar hasiko da Olazar txapelketa

Anboto 2014ko irailaren 17a

Olazar txapelketan parte hartzeko gonbidapenak luzatu, eta pilotariek segituan baiezkoa ematea esanguratsua da. Gaur egun, Bizkaian zein Euskal Herrian antolatzen den txapelketarik prestigiotsuenetakoa da Olazar, eta pilotariek badakite hori. Horregatik, beste behin ere, amateur mailako pilotaririk onenen topaleku bihurtuko da Zaldibar bihartik aurrera.


Binaka eta lau t’erdian jokatuko da Olazar txapelketa: hamasei bikote eta hamasei pilotari. Eguenero, 21:30ean, jokatuko dira partiduak, eta, urtero legez, abenduaren 31n jokatuko dute finala. Datorren egueneko lehen jardunaldian abadiñar bi arituko dira: Aitor Arabiourrutia lau t’erdian –Albizuren aurka–, eta Asier Aspuru binaka, Lopezegaz bikotea osatuta; Aketza-Aizpuru bikotea izango dute parez pare. Durangaldeko ordezkari gehiagok ere parte hartuko dute txapelketan: Igor Azpiri elorriarrak eta Andoni Aldape mallabitarrak binaka, eta Gorka Otadui berriztarrak eta Aitor Elordi mallabitarrak lau t’erdian.

Binaka zein lau t’erdian ez dago faborito argirik. Pilotari eta bikote asko daude irabazteko aukerekin.

Cafés Baqué hasi dute
Hasi du bere bidea kadete eta gazte mailako (hamasei pilotari bakoitzean) Cafés Baqué txapelketak. Iaz hasitako bideari jarraituta, Bizkaiko pilotariek bakarrik parte hartuko dute. Galdakaon jokatutako lehen jardunaldian, Durangaldeko pilotari bi aritu ziren gazte mailan: Mikel Goiria (Zornotza) eta Gontzal Azkarraga (Elorrio). Azkarragak irabazi egin zuen, eta txapelketan aurrera jarraitzen du; Goiriak, aldiz, galdu egin zuen, eta kanporatuta geratu da.

Durangaldeko beste sei pilotarik ere jokatuko dute txapelketa: Estefen Lizundia (Zornotza), Paul Sagasta (Elorrio), eta Daniel Rodriguez (Atxondo) kadeteetan, eta Edu de Zabala (Durango), Ekaitz Andueza (Iurreta) eta Eric Lizundia (Zornotza) gazteetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!